Bergarako Udala-k Or, 2024-06-14 07:09-n bidalia
Bergarako Udaleko eta tokiko elkarteetako ordezkariak Elikagaien Justiziak antolatutako jardunaldi batzuetan izan dira ostegun honetan Madrilen, merkatuen inguruan munduan dauden ereduei buruzko solasaldi ezberdinetan parte hartuz. Bergarako udal ordezkariek zein Ereindajan kooperatibako kideek Oxirondo merkatuaren birgaitzearen kasua aurkeztu diete bertaratutakoei.
Zehazki, Ainhoa Lete zinegotziak, Ereindajan kooperatibako kide Aitziber Plazaolarekin batera, etorkizuneko Elikaenea proiektuaren kasua aurkeztu dute. Haiekin batera izan dira Haritz Arakistain eta Ioritz Aizpuru, Azpeitiko Elikaguneko ordezkariak. Horiek guztiek merkatu berreskuratu eta sozialei buruz hitz egin dute, elikagaien banaketa sistema handien alternatiba gisa.
Horren harira, Elikaenea proiektuari Landaola Saria eman diote berriki. Landaola Gipuzkoako landa garapenerako elkarteen federazioa da, eta Gipuzkoan landa garapenerako estrategia komunak sustatu nahi ditu baserritarren, beste landa eragile batzuen eta hainbat administrazioren artean.
Madrilen ospatu berri dire jardunaldi hauetan munduko hainbat lekutatik iritsitako hizlariek parte hartu dute, eta honako hauek izan dituzte ardatz:
• Elikatzeko eskubidea bermatzeko lurralde-merkatuek duten garrantzia ezagutaraztea.
• Hainbat herrialdetako esperientziak partekatzea hainbat lurralde-merkatu motaren eraikuntzari eta funtzionamenduari buruz.
• Lurralde-merkatuen inguruko ezagutza eta lana hobetzeko ekintzak sustatzea, elikadura publikoa, tokikoa, bidezkoa eta berdea bultzatuz.
Bergarako Udaleko ordezkariek positiboki baloratu dituzte jardunaldi hauetan sortutako sinergiak: “Gaur ezagutu ditugun errealitate ezberdinak entzuteak etorkizunari modu globalagoan begiratzen laguntzen digu. Ziur gaude Oxirondon egin ditugun hobekuntza lanei eta Elikaenea-rako prestatu dugun espazioari esker Bergarako merkatuak garai bateko bultzada berreskuratuko duela, eta guzti hau ikuspegi sozialago batetik”, nabarmendu dute Gorka Artola alkateak eta Ainhoa Lete zinegotziak.