Bergarako Udalak aurrerapauso esanguratsuak eman nahi ditu energia eta klima arloetan, eta, horretarako, Tokiko Klima eta Energia Plana onartu du astelehen honetan, apirilaren 29an, ospatutako osoko bilkuran.

Plan honek jasangarritasunean eta energia ‘berdeagoetan’ jartzen du jomuga. Planean 115 ekintza jaso dira eta betetze muga 2030. urtera arte helduko litzateke, horixe baita erreferentziazko urtea bai klima eta energiari buruzko politiketarako eta bai Garapen Jasangarriaren Helburuak 2030 Agendaren baitan lortzeko.

Plan honek bost helburu zehatz izango ditu:

1. Energia eraginkortasuna sustatu, aurrezpenetik eta berriztagarrien sorreratik.

2. Garraio publikoaren eta motorizatu gabeko bitartekoen erabileran oinarritutako mugikortasun iraunkorra bultzatzea.

3. Ekonomia zirkularrean oinarritutako kontsumo-ereduak sustatzea, hondakinen prebentzioa eta kudeaketa egokitik.

4. Klima agertokietara egokitutako udalerria prestatzea.

5. Udalerriko klima-erronkei erantzuteko udal gobernantza-eredu berri bat sustatzea.

"Eskerrak eman nahi dizkiegu plan hau onartzeko lanean aritu diren herritar, eragile eta udaletxeko langileei, guretzat oso garrantzitsua baita Bergararen jasangarritasunaren alde lan egitea eta klimaren arloko erronkei aurre egitea. Erronka handiak ditugu aurrean, Klima Aldaketa arazo lokal baino, globala delako. Hala ere, Bergarak udalerri eredugarri izan nahi du, eta arazo eta dilema globalei erantzuteko bere alea jarri nahi du. Bide hori jada urratzen hasiak gara: bestelako basogintza eredu bat lantzen ari gara, biodibertsitatean balorean jartzeko ekintzak burutzen ditugu. Plan honetako filosofia, 2023-2027 Legegintzaldi planean ere jaso dugu, herritarren osasuna lehenetsiko duten 50 arnasgune aktibatu eta berpentsatzeko ardura hartu dugu”, adierazi du Markel Azkargorta zinegotziak. Plan berri honek baditu bere aurrekariak, izan ere, azken legegintzaldiko ‘Izan, Bizi, Ekin’ gobernu planean 2023. urterako CO2 isurketak %10 eta %20 artean murriztea, eta energia-kontsumoa %10 murriztea jasotzen zen.

Horrez gain, ‘Bergara 2030. Egin Herrixa’ plan estrategikoan udalerri mailako energia plangintza osatzea aurreikusten zen.

Ikusi pleno osoa: https://www.youtube.com/live/jHdasUT3nKw?si=O15jGOtIEs5Le2ii