Bergarako Udala-k Ar, 2023-12-19 09:11-n bidalia
Urteko azken osoko bilkura ospatu du astelehen honetan Bergarako Udalak, eta bertan, besteak beste, Bergarako Itsasmendiko basoan Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak burutu nahi duten lehengoratze ekologikorako proiekturako hitzarmena onartu du lehenak.
Itsasmendiko sailaren lehengoratze ekologikoaren helburu nagusia bertako baso ekosistemak berreskuratzea da; ekosistema zerbitzuak indartu daitezen eta ingurumenaren erresilientzia hobetu dadin. Horretarako, Udalaren eta Aldundiaren arteko hitzarmena onartu du osoko bilkurak astelehen honetan. 6,5 hektarea inguru dituen lursailean bertako espezieak landatuko dira eta Udala mantenu lanak egingo ditu. 82.600 euro inguruko proiektua izango da eta zati baten ardura hartuko du Aldundiak hitzarmena sinatzean.
Izan ere, Bergarako Udalak hainbat pausu eman ditu azken urteotan bide honetan; baso lur-sailak erosi ditu eta basogintza eredua eraldatzeko konpromisoa erakutsi du, besteak beste. Gainera, 2023ko udaberrian Udal baso-lurren kudeaketa estrategia garatzeko prozesu partehartzailea abiatu zuen.
“Hitzarmen honekin iaz basolurrak bertako espeziekin landatzeko hasi genuen bideari beste martxa bat segida eman nahi diogu. Gure iritziz garrantzitsua da gure eskumeneko udal jabetzako basoetan espezie autoktonoak landatzea eta Udalak eredu izan nahiko luke horretan.ri ekitea, Interes ekonomikotik haratago doan eta biodibertsitatearen alde daukagun konpromisoan oinarri sendoak jartzen laguntzen duen estrategia baten barruan kokatzen den proiektua da”, adierazi du Markel Azkargorta zinegotziak.
Itsasmendiko saila Aingelu tontorraren hego-ekialdean dago, Hego-mendebaldean Itsasmendi izeneko baserria du, eta hegoekialdean Irutxaboleta izenez ezagutzen den eremua. Saila intsiniz pinu ekoizpenerako erabili izan da ia 100 urtez, 30eko hamarkadan egin baitzen lehendabiziko landaketa. Ordutik, hiru pinu belaunaldi hazi dira bertan. Beraz, Bergarako eta inguruko pinudi goiztiarrenetariko bat izan da hau, 50 eta 60ko hamarkadan landatu baitziren lehenengoz inguruotako pinudi gehienak. Gaur gaurkoz sailaren egoera ekologikoa kaxkarra da, arraseko mozketetan lur egiturak eta berezko landarediak kalte handiak jaso baititu.
Landaredia segidaren balioespenen arabera, sail honetako berezko basoak harizti azidofilo misto atlantikoa behar luke, Hyperico pulchri-Quercetum roboris asoziazioari dagokiona. Hau da, haritz kanduduna nagusi den basoa, zeinetan lur azidoetan hazten diren beste hainbat espezie biziko liratekeen.
Proiektu honen egikaritze fasea sasi garbitze lanekin hasiko da. Garbiketa sail osoan zehar egingo da, kontu handiz, birsortze naturala kaltetu ez dadin. Fase honetan especie inbaditzaileak ere moztuko dira. Jarraian, itxitura jarriko da landaketaren perimetro osoan, eta, ondoren, landaketa egingo da, zuhaitzak geldialdi begetatiboan daudenean. Hektareako 600 zuhaitz landatuko dira. Azkenengo lana babesleak jartzea izango da.