Euskaltzaindiak, Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak erakusketa mamitsua aurkeztu dute gaur Bergaran. Bertan, George Lacombe hizkuntzalari eta euskaltzain osoaren agiritegi eta blibliotekari buruzko jakingarriak ematen dira, 10 paneletan banaturik; horrez gain, bi beira-arasa jarri dira, dokumentu eta liburu jakin batzuk erakusteko. Erakusketa abenduaren 1era arte izango da ikusgai, Bergarako Alde Zaharrean dagoen Olaso Dorrean.

Georges Lacombe euskarari lotutako dokumentu oro biltzen saiatu zen bizitza osoan; horretarako, bere ondasunak erabili zituen oparo. Bereziki, hainbat artxibo-funts erosi zituen, biltzaileak hil ostean. Ondorioz, esan daiteke XIX. mendeko euskalaritzari buruzko funts nagusietakoa bildu zuela, agian nagusia, guztiz ezinbestekoa euskal kulturaren historia ezagutzeko.

Agiritegiaren garrantziaz jabetzeko, hona hemen biltzen duen dokumentazioaren lagin bat, Euskaltzaindiaren webgunean ere kontsulta daitekeena: Joanes Artxu (1811-1881) eta Thomas Doucarrou; Louis Lucien Bonaparte printzea (1813-1891); Pierre Broussain (1859-1920); Jean-Baptiste Darricarrere (1844-1928); Edward Spencer Dodgson (1857-1922); Wilhem Jan van Eys (1825-1914); Hugo Schuchardt (1842-1927); Georges Lacomberen lanak (1879-1947); Jean-Dominique-Jules Salaberri (Ibarlakoa) (1839-1903); Joseph-Augustin Xaho (1811-1858); Urtubia etxeko artxiboa (1474-1829); Julien Vinson (1843-1926); Silvain Pouvrearen lanen kopiak (ca. 1614–ca. 1670); bertsoak, kantak, askotariko paperak.

Erakusketak Georges Lacombe, Telesforo Monzon eta Maria Josefa Ganuzaren biografia laburrak erakusten ditu, agiritegiak eginiko bidaia bitxiarekin batera. Ondoren, funtsaren atalak azaltzen dira, artxiboak gordetzen dituen dokumentu deigarrienekin batera, hots, Xahoren Kantutegi ospetsua eta Louis Lucien Bonaparteren gutunak. Bi arasa ere jarri dira, bisitariek dokumentu eta liburu batzuk bertatik bertara ikus ditzaten.

Azkenik, bi hitzaldi antolatu dira, Lacomberen funtsaren garrantzia azaltzeko baliagarri izango direnak. Lehenengoa azaroaren 23an izango da, 19:00etan: Jabier Kaltzakorta ikertzaile eta euskaltzain osoak Georges Lacomberen artxibo eta bibliotekaren nondik norakoak agertuko ditu. Bigarren berbaldia azaroaren 29an izango da (19:00etan) baita), eta bertan Pako Sudupe hizkuntzalari eta idazleak Telesforo Monzonen kulturgintza izango du mintzagai. Hitzaldi biak Olaso Dorrean izango dira.

Elkarlanaren emaitza
Gaurko prentsaurrekoan pozik agertu dira antolatzaileak. Gorka Artola Bergarako alkateak adierazi du urte luzeetan ez dela posible izan “Telesforo Monzonek eta Maria Josefa Ganuzak erositako bilduma aberats hau jendartera zabaltzea”. “Orain -gaineratu du-, hemen gauden erakunde eta eragileon elkarlanari esker, ehunka artxibo hauek bergarar zein euskaldun guztion eskura izango dira”. Alkateak amaitu du bere mintzaldia eskerrak emanez “prozesu honetan parte hartu duten pertsona guztiei”.

Beste alde batetik, Andres Urrutia euskaltzainburuak erakundeen arteko elkarlana azpimarratu nahi izan du: “Esfortzu handia egin dute bai Olaso Dorrea Fundazioak bai Udalak, eta erakusketaren emaitza ikusita, eskertzekoa da benetan. Lacombe euskal kulturaren bilatzaile nekaezina izan zen, eta Euskaltzaindiak harek jasotakoa euskal gizartearen esku jarri nahi izan du, Euskararen Akademiaren helburuetako bat horixe baita: euskal kulturaren transmisioa”.

Azkenik, Maite Aristegi Olaso Dorrea Fundazioko kideak azaldu du nola eskuratu zuten Telesforo Monzon eta Maria Josefa Ganuza senar-emazteek Lacomberen agiritegia: “Erakusketaren tituluak dioen moduan, Telesforok eta Maria Josefak (diotenez, azkenaren senagatik) kilo bat urreren truke erosi zioten hizkuntzalariaren agiritegiaren idazki eta liburu artxibo mardularen zati esanguratsua Lacomberen alargunari. Euskara eta euskal kultura pairatzen ari zen sasoi ilun horretan, mirestekoa da Monzondarrek eginiko esfortzua ondare nazional hau Euskal Herrian gera zedin. Pentsa dezagun, esandakoa egin ez balute, gaur egun ondare hori guztia munduan zehar barreiatuta egongo zatekeela, auskalo noren eskutan. Monzondarrek ondare izugarri hau euskaldunon eskuetara itzul zedin eginiko lanagatik zoriondu besterik ezin dugu egin. Gainera, eta Telesfororen nahiari jarraikiz, guztia euskal herritarren esku utzi da: liburuak Euskaltzaindiaren Azkue liburutegian daude eta artxiboa Olaso dorrean eta Euskaltzaindiaren webgunean ere bai. Ziur gaude erakusketa honek ondare honen ezagutza zabaltzen lagunduko duela”.

George Lacombe
Georges Lacombe (1879-1947) hizkuntzalaria izan zen, eta euskaltzain oso ia Euskaltzaindiaren sorreratik. Euskal Herritik kanpo jaio zen Lacombe, Ortheze herrian, Bearnon, baina ama euskalduna zuen, Donapaleukoa (Nafarroa Beherea). Umetan ez zekien euskaraz, baina gaztetxoa zenean hasi zen ikasten, amaren laguntzaz, eta guztiz menperatzera iritsi zen. Filosofia ikasi zuen Sorbonan, eta bertako giro intelektualean ibili zen urte askoan. Bizitza osoa eman zuen Paris eta Euskal Herriaren artean. Negua Parisen ematen zuen, eta udara Ipar Euskal Herrian, Baionan eta Alduden.

Euskarari lotutako lan ugari egin zituen. Aldudeko eta Zuberoako hizkerei buruzko lanak egin zituen; euskal gramatikaren saiakera bat idatzi eta euskal idazle klasikoei buruzko lanak ere argitaratu zituen. Euskaltzaleen Biltzarreko kide eta buru izan zen, RIEV aldizkariko idazkari eta kolaboratzailea, eta garaiko giro euskaltzalean murgilduta egon zen, Eusko Ikaskuntza, Société des Sciences, Lettres et Arts de Bayonne, Cercle d’Etudes Euskarienes eta Musèe Basque-n, esaterako.

Asko idatzi zuen euskarari buruz, baina euskararen ezagutzari egindako ekarpen handiena izan zen bilduma dokumental itzela osatu izana. Bizitza osoan zehar eskuratu eta gorde zituen askotariko dokumentuak Euskal Herriko hizkuntza, historia eta kulturari buruz, eta berari esker heldu dira guganaino. XIX. eta XX. mendeetako euskalaritzari buruzko funts nagusienetakoa atondu zuen, garrantzitsuena, agian.

Artxibo digitalizatua, Euskaltzaindiaren webgunean.
Georges Lacomberen ondarearen jabea Olaso Dorrea da, eta bitan banatu ohi da: biblioteka eta artxiboa. Biak digitalizatuta daude eta Euskaltzaindiak zaintzen ditu kopia digitalak. Paperezko originalak, ostera, bi lekutan daude: artxiboarenak Bergarako Olaso Dorrean; eta bibliotekarenak Euskaltzaindiaren Azkue Biblioteka eta Artxiboan, Akademiaren Bilboko egoitzan.

Gogoratu behar da, Georges Lacombe euskaltzain osoaren artxibo digitalizatua Euskaltzaindiaren webgunean ere kontsulta daitekeela: guztira, 18 funts daude eskuragarri, 2.000 dokumentu inguru, euskararen historia eta Euskal Herriko historia ezagutzeko ezinbestekoak. Agiritegia hemen kontsulta daiteke, modu praktiko eta atseginean: www.euskaltzaindia.eus/lacombe-artxiboa