Bergarako Udala-k Or, 2023-10-27 11:43-n bidalia
Bergarako Udalak, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean, zaintzarako eta etxeko langileentzako aholkularitza zerbitzu berria aurkeztu du. Zerbitzu honen bitartez zaintzaren arloan etxeetan lan egiten duten langileei zein hauek kontratatzen dituztenei bideratutako aholkularitza eskainiko zaie hemendik aurrera. Berau aurkeztu asmoz, Ainhoa Lete Bergarako Udaleko ordezkariak eta herriko eragile ezberdinetako eragileek zerbitzuaren aurkezpena egin dute aste honetan Irizar jauregian.
Izan ere, zerbitzu hau hamabost egunean behin eskainiko da azaroaren 15etik aurrera, Ehundu-ren lokalean (Mizpildi Kalea, 2). Etxeko langileen erregimenak hainbat zalantza eta galdera sortzen ditu herritarrek artean, eta angileen kasuan, orientazio juridikoa behar izaten dute euren lan-eremuko eskubide eta betebeharrak zein diren ezagutzeko. Etxeko langileak kontratatu nahi dituzten pertsonen artean ere, zalantzak egoten dira izapideak modu zuzenean egin nahi direnean. Zerbitzu berri hau zalantzak argitzen saiatuko da.
Zerbitzua etxeko langileei zein haien kontratatzaileei zuzendua dago. Beraz, zerbitzu honen bitartez, ondorengo helburuak lortu nahi dira:
- Etxeko langileei euren eskubideen inguruko informazioa ematea (soldata, lanorduak, kontratua, oporrak, etab.), baita euren betebeharren ingurukoa ere. Aholkularitza juridikoa eskaintzea euren eskubideak egikaritzeko zein erreklamazio dituzten azalduz, zein epeetan egin beharko luketen edo zein bide juridiko dauden azalduz.
- Kontratatzaileei euren betebeharren inguruan informazioa ematea eta etxeko langileek dituzten eskubideak zein diren azaltzea. Besteak beste, kontratuak nola egin eta administrazioaren aurrean zein obligazio dituzten argitu, eta etxeko langileen erregimenaren inguruko zalantza argitzea da xedea.
“Azken urteetan agerian geratu den bezala, zaintza lanak askotan justizia sozialetik kanpo gelditzen den errealitate batean ematen dira: batetik, lan hauen banaketa, lan ordaindu eta ez ordainduetan, erabat desorekatua delako genero, klase, arraza, jatorri eta adinaren araberako arrakaletan oinarrituta; eta gainera, lan hauen aitortza sozial, politiko eta ekonomiko urria dela eta, lan hauek egiten dituzten pertsonen bizitzetan prekarizazioa dakarrelako”, adierazi du Ainhoa Lete udal ordezkariak.
Zerbitzu hau erabiltzeko hitzordua eskatu beharko da BAZen.