Bergarako Udala-k Ar, 2023-06-27 12:55-n bidalia
Baxe Nafarroako hainbat proiektu ezagutzeko bisita antolatu dute Bergarako Elikadura mahaitik. Egun hauetan bisitatzen ari dira jangelei lotutako proiektuak eta interes publikoko Garro ekoizpen kooperatiba.
Lekornen eta Donibane Garazin izan dira, bertan proiektu ezberdinak bultzatzen aritu diren erakundeekin eta ordezkariekin. Donibane Garazin, Navarre lizeoko jantokia bisitatu dute, eta Lekornen herriko eskola-jantokiak eta Garro scic ekoizpen kooperatiba ere bisitatu dituzte. Horiek martxan jartzeko herri mailako apustu eta elkarlan sendoak eraiki dituzte, eta bideragarritasun tekniko zein ekonomiko mailan esperientzia erreferenteak dira.
Hainbat helburu ditu toki horiek bisitatzeak, besteak beste, ekoizpen proiektu kolektiboak ezagutzea eta antzeko egitasmoak martxan jartzeko aktibazioa sortzea; administrazioaren eta tokiko eragileen elkarlana zein inplikazioa bultatzea nekazari berrien inkorporazioan eta erreleboan. Bide beretik, asmoa da jantokien horniketa, eraldaketa eta planifikazio esperientziak ezagutzea; baratzezaintza ekologikoko proiektuak duintzeko tresnak identifikatzea; eta guraso elkarteen arteko esperientziak trukatzea eskola jantokien inguruan.
Bisita honetan bildutako ikaspenak herrian zein eskualde mailan garatzen ari diren elikadura politika eta egitasmoetan transmititzea da asmoa. Elikadura burujabetzari lotutako proiektu gehiago garatu eta martxan daudenak indartuz. Eskualdeko jangela kolektiboetan eskualdeko eta inguruko ekoizleen produktuekin hornitzeko bidean urratsak emanez.
Proiektuan Debagoienetik parte hartu dute Bergarako Udalak, Antzuolako Udalak, Debagoiena2030, Ereindajan, Deba Garaia LGE, Ehundu elkarteak eta Biolur-eko ekoizleak. Topaketa honetarako, Bidezko Elikadura eta EHIGEren laguntza ere izan dute.