Aberatsa da Bergara kultur sorkuntzan oro har. Une honetan, eta musikaren alorrean, mugimendu handia dago, talde asko daude herrian, eta hori etorkizunerako gordetzeko asmoarekin, Bergarako Udalak herriko musika taldeen disko bat grabatzeko proposamena egin zien musikari eta musika taldeei azaroaren erdialdean.

Bergarako 26 musika taldek agertu dute proiektuan parte hartzeko interesa, eta haiek grabatuko duten abesti banarekin osatuko da, hortaz, diskoa. 

Pozik agertu da Herritarren batzordeko lehendakari Ekaitz Aranberri Zezeaga musikarien aldetik jasotako erantzunarekin: “Ikusten ari ginen mugimendu handia dagoela herrian, eta ekarpen bat egin nahi genion sorkuntza horri Udaletik, lan berriak sortzeko bultzada izan daitekeelakoan. Taldeek aurkezpen modura erabili ahal izango dute grabatutako kantua, eta bestetik, talde hasiberriek estudioa ezagutzea lagunduko du; zelan egiten den lan, esperientzia hartzea... eta etorkizunerako gordeta geldituko da garai honetako uztaren parte bat. Pozik gaude, hortaz jasotako erantzunarekin, eta emaitza entzuteko gogoz”.

Bergarako 26 musika talde 

Golden Blend, DBQ, Blind09 & Steezy, K-po, Bertso eskola, Hegazkin, Asanblada autoritarioa, Orhi, Amustei, Fly Shit, Fango, Kaleko Urdangak, Maitane eta Julen, Azkaiter Pelox, Harria, Ttipika, Diablues eta Bluezifer, Arragoa, Leire Moñux, Baykat, Lemak, Low Cost Deluxe, Egin.j, Josu eta Maita, Ktarsia eta Brigade loco taldeek azaldu dute grabazioan parte hartzeko interesa. Guztira 26 talde, ia 100 musikari. 

Grabazioa herrian bertan

Grabazioak urtarrila eta martxoa artean egitea aurreikusten da, Bergarako 'AURYN STUDIOS ◁ Rock & Metal Recording Studios' estudioan. 

Banakako hitzarmenak egingo ditu Udalak taldeekin. Kantaren jabetza taldearena izango da, eta Udala baimenduko dute CDak atera eta saltzeko, zein kantak plataforma digitaletara igotzeko. CDaren 500 ale argitaratuko ditu Udalak. 11.000 € inguruko aurrekontua du proiektuak. 

Izena emateko taldeei jarri zaizkien baldintzak: 

  1. Abesti originala izan beharko da edo egile eskubideek babesten ez dutena. 

  2. Musika taldea gaur egun martxan egon beharko da (kontzertuak ematen edo entseatzen, abestiak egiten...). 

  3. Ez dira onartuko era zuzenean edo zeharka indarkeria bultzatzen duten edota indarkeria motaren bati apologia egiten dioten proiektuak. Halaber, zuzenean edo zeharka giza eskubideak urratzen dituen edozein proposamen. 

  4. Grabazio estudioak ezarritako baldintzak bete beharko dira: adostutako ordutegiak errespetatu, beharrezko materiala eraman, abestia ondo prestatuta eraman... 

  5. Ezarritako epeen barruan egin beharko da grabazioa. 

  6. Taldearen eta taldekideen informazioa ematea, hala erabakitzen bada, komunikatiboki lantzeko eta plataforma digitaletara igotzeko (konposatzailearen eta letragilearen izena, taldearen eta abestiaren izena...). 

  7. Erabilerak: plataforma digitalak (Spotify, Apple music...), udalaren hedabide eta sare-sozialak (proiektuaren eta abestien zabalpena egiteko) eta disko fisikoa. 

  8. Taldearen erdia gutxienez edo bi taldekide bergararrak izango dira.