Elikadura burujabetzan urratsak eman eta herri mailan elkarlanean arlo ezberdinei erantzuteko proiektuak garatzen ari da Bergarako Elikadura Mahaia. Sentsibilizazio eta heziketari dagokion lan-ildoan udazken oparoa izan da Zure Platerean Hasten Da Mundua jardunaldiekin.

Bide horretan Bergarako Elikadura mahaiak hiru ekimen berritzaile bultzatu ditu ikastetxeetan. Izan ere, eskola-eremua ingurune garrantzitsua da haur eta gazteen elikadura-heziketari dagokionean, jangelatik hasita ikasgelaraino. Gaur egun, elikaduraren gaia etapa ezberdinetan lantzen da eta horren adierazle dira azken urteetan garatutako proiektu berriak: eskola baratzeak, jangela eraldatzeko proiektua, elikadura osasungarriari begirako unitate didaktikoak...

Elikadura-ingurune osasungarriagoak sustatzerako orduan familiek, eskola komunitateak, nekazariek zein arloko eragileek zeregin aktiboa izan dezakete. Martxan jarri diren ekimenen bidez, osasunerako egokienak diren elikagaiak lantzeaz gain, urrats bat gehiago eman nahi izan da eguneroko ekonomia eta nekazaritzarekin harremanak indartuaz. Tokikoa, freskoa, gustagarria, sasoikoa, ekologikoa eta salmenta zuzena oinarri duen egitasmo praktikoak bultzatu nahi izan dira.

Modu honetan hauek dira elkarlanean landu diren ekimenak:

Ekoizpen Duina, Kontsumo Herrikoia material didaktikoa

DUINA ikerketaren ondorioak publiko ezberdinekin lantzeko asmoz, material sorta bat kaleratuko da abenduan. Modu honetan, haurrekin, gazteekin eta helduekin lantzeko euskarri ezberdinak garatu dira.

Haur eta familientzako material didaktikoa Bergarako San Martin ikastetxean aurkeztu da abenduaren 16an estreinakoz; eskola komunitatea, Biolur elkarteak eta Ereindajanek elkarlanean antolatutako jarduera-sorta baten baitan. Eskolako jangelako proiekturako aberasgarri izatea ez ezik, elikadura heziketan sakontzeko eta bere osotasunean lantzeko elkarlanean jardun da. Hezkuntza praktikoaren bitartez 12 elikagaien ekoizpena ezagutu, eta plater konbinazioak eginez kopuru eta prezioak landu dira, eskolako “janari osasungarria” proiektuarekin lotuz. Hiru jarduera antolatu dira: Murinondo auzoko Ziarreta baserrira bisita, eskolan material didaktikoaren lanketa eta familientzako aurkezpena eta dastaketa.

Ikus albistea hemen.

Ikasbidaiko otarren proiektua

Gabonen atarian ohikoak diren ikas bidaiarako otarren inguruko ekimena landu da Mariaren Lagundia eta Aranzadi ikastetxeekin. Ereindajan hurbilekoak eta sozialki justuak diren kontsumo-ereduak garatu eta indartzeko irabazi asmorik gabeko egitasmoa izanik, ekoizle, hezitzaile eta ikasleen arteko zubi-lana egin du. Elikaduraren inguruko kontuak praktikatik ikasi eta bertako ekoizleentzat komertzializaziorako bide berri bat ireki da. Horretarako elkarlanean, 321 gazta zati eta 374 otar osatu dira lehenik eskariak eta horniketa koordinatuz (gazta, txokolatea, pasta, patea eta kalabaza krema), gerora eskolan muntaketa auzolanean eginez, ikasleek otarrak salduz eta ekimena borobiltzeko ikasleekin EHKOlektiboaren unitate-didaktikoa landuz.

Ekimenaren prozesuaren bideoa: 

Mila kolore, Mila zapore

Aurreko urteetako esperientzia errepikatzeko asmotan Bergarako Udala eta Mireia Alberdi nutrizionistak LH4ko ikasleekin Mila Kolore Mila Zapore proiektua landuko dute. Fruta eta barazkien garrantziaz ohartu eta beraien onurak ulertzeko helburuarekin garatuko da Mariaren Lagundia, San Martin, Angiozar eta Aranzadi ikastetxeetan. Zentzumen desberdinak erabiliz, ikasleak gustuko izan ditzakeen fruta eta barazkiak esploratuko dituzte. Eta manipulazio bidez, errezeta erraz eta dibertigarriak prestatuko dira ikasgelan bertan. Eguneroko ekonomia eta herriko ekoizle zein merkatariekin hartu-emanak indartzeko asmotan, haurrekin azokara bisita egingo da.

Bergarako Elikadura Mahaiaren nahi eta ekintzek jarraipena izango dute hurrengo hilabetetan, ekimen berriak eskola eremuan gauzatzeaz gain ostalaritzan ere landuko dira.