Bergarako Udala-k Al, 2022-11-21 19:00-n bidalia
Bergarako Udal Gobernuak 2023. urterako aurrekontu proposamena osatu du, garai honetan ohikoa denez. Oposizioari azaroaren 15ean aurkeztu zion proposamena, eta azaroaren 29ra arteko epea izango dute udal taldeek ekarpenak egiteko. Aurreikuspena da abenduaren 19ko ohiko osoko bilkuran onartzea.
29.696.574€ko aurrekontu bateratua ondu du Gobernuak (2022an 27.814.040€koa). Inbertsio kapazitatea mantentzea lortu da, nahiz eta gaur egungo egoera politikoak eta ekonomikoak eragin zuzena izango duten gastu arruntetan (elektrizitatea, gasa, erregaiak…).
Atalka, aurrekontuetan igoera nabarmenak egin dira ongizateari lotutakoetan, zerbitzuetan eta hiri lanetan, auzoetan, ondarean eta kulturan, esaterako.
2021ean eta 2022an Ordenantza Fiskalak onartzerakoan azaldu zuen Udal Gobernuak bere helburu nagusietako bat bergararrei kalitatezko gizarte zerbitzuak ematea dela, eta bereziki egoera zaurgarrian dauden familiei, ahalik eta bizitza duinena izan dezaten. Aurrekontu osoaren %9,11 bideratzea proposatzen da, alegia, 2.681.212 euro.
Arlo honetan egitea proposatzen den gauzetako bat da IBIa ordaintzeko diru-laguntza programarako partida jasotzea.
Kontuan izan behar da, gainera, Berdintasun saila indartzeko apustua egin duela Udalak, eta hori ere aurrekontuan partida propioa izatea eragingo du. Berdintasunean estrategikoa izango da 2023. urtean Emakumeen etxea sortzeko prozesu parte-hartzailea.
Aurrekontuaren ia %3 auzoetan hobekuntzak egitera bideratuko da. Hor kokatzen dira lehentasunez, esaterako Boluko malda egonkortzeko hurrengo fasea, baserri bideak konpontzea, edota auzoetako frontoietako konektibitatea.
Ehun ekonomiko indartsua behar du egoki garatuko den herriak, eta ildo horretan lehentasuna izango du azoka biziberritzeko proiektuak. Nabarmentzeko beste ezaugarri bat ere badu honek, lehen sektorea indartzea, alegia.
Obretan, hirigintza lanetan eta zerbitzuetan ere igoera nabarmenak proposatzen dira, Bergaran bizitzeko baldintzak hobetzeko bidean hasitako lanari jarraipena emanez. Lan berriak egiteaz gain, aurretik datozenak bukatzeko ere aurreikusi da diru-partida, esaterako Masterrekako berrurbanizaziorako.
Bergara herri bizia da, eta kulturan aberatsa, eta horrela izaten jarrai dezan diru-poltsa ere handitu egingo da. 2022. urtean Arrizuriagari lotutako kultur proiektuarekin jarraitzea aurreikusten da.
Gure herria, baina baita mundua orokorrean ere, jasangarriagoa izan dadin neurriak hartzen hasita dago Bergarako Udala. Ildo horretan ere inbertsioak handitzea aurreikusten da, lurren erosketa publikoak egiteko, ingurumenari lotutako proiektuak gauzatzeko eta energia berriztagarriak ezartzeko (udal eraikinetan plakak, energia komunitatearen instalakuntzak…).
Aipatutakoetaz gain, Europako Next funtsetan tokia izan dezaketen hainbat proiektu lantzen ari da udal gobernua eta aurrekontuetan txertatzeko lanketa teknikoa bideratzen. Udal-pilotalekua berritzea, San Martin plaza eta Barrenkale berrurbanizatzea edo poligono industrialak XXI. mendera egokitzeko lanak egitea udal baliabideekin soilik nekez aurrera eramateko proiektuak dira. Datozen urteetan proiektu hauek izan ditzaketen laguntzak handiak izan litezke eta diru laguntzak jaso ezkero proiektu hauek aurrera eramateko aukera bermatu nahi du udal gobernuak.