2021ean, Telesforo Monzonen heriotzaren 40 urteurrenean, berak eta Josefa Ganuzak bezala, bere bizitzaren ardatz Euskal Herria, euskara eta euskal kultura izan duten herritarrak omentzeko saria jarri zuten abian Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak elkarlanean. 

Monzon-Ganuza sariaren bidez Euskal Herriari, bere kulturari, hizkuntzari, historiari eta etorkizunari bizitza osoko lana eskaini dioten herritarrak omendu nahi dira.

Monzon-Ganuza Euskal Utopikoei Saria sinbolikoa izan ohi da: obra artistiko bat, edozein dela ere eremu edo esparru artistiko (eskultura, margoa, argazkia, ikus entzunekoa...).

Saria euskal artista berriak sustatzeko ere erabiltzen da. 3.500 eurorekin ordainduko zaio aukeratutako egileari saria izateko erosiko zaion bere artelana.

Urtero artista berri bati eskainiko zaio saria diseinatzeko aukera edo aurretik egina duen bat emateko aukera, horrela saria bera euskal artista berrien sustapenerako ekimen bihurtuko da. Modu horretan belaunaldien arteko zubi lana eraiki nahi da. Ibilbide artistikoa eta obra bildumaren dosierra bidali behar da parte hartzeko, abenduaren 31 baino lehen, fundazioa@olasodorrea.eus helbidera.

Saria aukeratzeko Bergarako Udalak eta Olaso Dorrea Fundazioak artista proposamena egiteko hiru aditu artistiko izendatu dituzte. Horiek izango dira proposamenak egingo dituztenak.

Aditu artistikoak:
- Karlos Galarraga (Bergarako Beart arte elkarteko kidea)
- Jesus Mari Lazkano (margolaria)
- Mikel Lertxundi (arte historialaria eta komisarioa)

Aurreko urteetako artista aukeratuak:
Zaloa Ipiña (2021) eta Laida Lertxundi (2022)