2023. urterako Ordenantza Fiskalen lanketan hasita da Bergarako Udala. Udal Gobernuak proposamena egin die oposizioko taldeei. Asmoa da urriko osoko bilkuran onartzea.

2022. urterako egindako proposamenari jarraituz ondu du Gobernuak 2023. urteko proposamena. Herritarrei kalitatezko udal zerbitzuak eskaintzea izan du oinarri proposamena lantzeko orduan, Ordenantza Fiskalak horretara doituz. Hori horrela, oro har %4 igotzea proposatzen du. 2022. urterako eta 2022-2023 ikasturterako igoera %3,3 izan zen, eta KPIa %6,5eko izan zen une horretan. Momentu honetan KPIa %9an dago.

Ogasun zinegotzi Aitor Arantzabalen esanetan “gaur egun mundu mailan dagoen egoeraren aurrean erantzukizunez jokatzea dagokigu. Bergararrei zerbitzu publiko onak emateko konpromisoa daukagu. Horretarako, baina, daukagun diru-poltsa mugatua da, eta diru-publikoaren kudeaketan ari garenon betebeharra da hori tentuz eta erantzukizunez zaintzea. Une honetan ezin dira hartu Udala etorkizunean hipotekatuko lituzkeen erabakiak. Kontuan izan behar da, norberaren etxean bezala, udal zerbitzuak ematen dituzten eraikinetan ere, adibidez, fakturak izugarri hazi direla”.

Hobarien arloa ere lantzen ari da Gobernua, esaterako, IBIari lotuta diru-laguntza programa lantzen ari da, errentaren araberakoa izango dena. Progresibitatean aurrera pauso bat izango da.

Bestetik, tarifa sozialaren kirol eta gazteria arloetako taulak bateratu egingo dira.