Ekintzailetasuna sustatzeko ekimen berri bat eskainiko du Bergarako Udalak 2022-2023 ikasturtetik aurrera. Haien kabuz lanean ari diren pertsona ekintzaileak lanerako espazio faltan egoten dira maiz, eta Bergarako Udalak behar horri erantzuteko Alkar Lankidetza Gunea zabalduko du.

Udalak UNED-Bergararekin sinatutako akordio bati esker, UNEDak lagako duen espazioan lanerako gunea atonduko du Udalak. Ekaineko osoko bilkurak gunearen erabilera arautuko dituzten ordenantzei hasierako onarpena eman ondoren, 2022. urteko irailean zabalduko da eskaerak aurkezteko epea, eta asmoa da urritik aurrera, ikasturtea hastearekin bat, lankidetza gunea martxan jartzea.

Alkar Lankidetza Gunearen helburua da Bergara eta Debagoieneko ekintzaileei lanerako espazio partekatu bat eskaintzea; lankidetzazko ekonomia ereduan oinarrituta, sinergiak sortzeko, elkarrekin ikasteko, harremanak sustatzeko eta proiektuak eta ezagutzak partekatzeko balioko duena.

Bergaran edo Debagoienean erroldatutako ekintzaileek egin ahal izango dute espazioa erabiltzeko eskaera. Lanerako plazarekin batera, partekatuko diren espazio eta zerbitzuak ere egongo dira erabiltzaileen eskura.

Alkar Lankidetza Gunearen erabilera epe baterako izango da, erabilerarako ordenantzan jasotzen diren  baldintzen araberakoa, alegia. Ordutegiari dagokionez, UNED zabalik dagoen ordutegi bera izango du, eta indarrean dauden prezio publikoak ordaindu beharko dituzte onuradunek. Bergarako Udalaren Garapen Zerbitzuaren bitartez kudeatuko da Lankidetza Gunea.