Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak, Bergarako Udalarekin elkarlanean, Energia Argitu programaren baitan, etxeko kontsumoa tarifa elektriko berrietara nola egokitu ikasteko eta hortik abiatuz erabaki egokiak hartzeko balio duen tailerra antolatu du ekainaren 14an, 18:00etan, Irizar Jauregiko Euskaldunberri Aretoan.

Jakin badakigu kontsumo datuak ezagutzea (zenbat kontsumitu dugun edo noiz izan dugun kontsumo mailarik altuena) ezinbestekoa dela kontsumo hori murrizteko, aplikatzen zaigun tarifa egokitzeko eta kontratatuta dugun potentzia egokia ote den egiaztatzeko. Tarifa elektriko berriekin, honek berebiziko garrantzia du, izan ere, efizienteagoak bagara, kontsumoa murriztuz, eta gure kontsumoak modu egokian banatzen baditugu, aurreztu egingo dugu eta energia berriztagarriak sustatuko ditugu. Tailer honetan herritarrei erakutsiko zaie hori nola egin, zehazki hiru gai hauek landuz: Nola eskuratu norberaren argindar kontsumoaren datuak; nola murriztu eta birbanatu kontsumoa, ondoren tarifarik egokiena aukeratzeko; eta nola egiaztatu kontratatuta daukagun potentzia dela benetan behar duguna.

Tailer honetan parte hartu nahi duten herritarrek, ekainaren 10a baino lehen izena ematea beharrezkoa da, saioak aurrera egiteko ezinbestekoa baita aldez aurretik ikasleen kopurua ezagutzea. Horretarako, honako bideak erabil daitezke:

• Posta elektronikoa bidaltzea ondorengo helbidera: argitu@gipuzkoa.eus
• Honako telefono zenbakira deitzea: 628-532-248 (astelehenetik ostiralera. Ordutegia 9:00-18:00)
• Informazio osagarria: www.argitu.eus

Tailer hauek Energia Argitu programaren baitan kokatzen dira eta bere helburua Gipuzkoako sektore ezberdinei (etxebizitzak, merkataritza, enpresa txikiak, etab.) energiaren kontsumoaren murrizketa lortzeko, eraginkortasuna handitzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko tresnak eskura jartzea da. Horretarako, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Foru Departamentuak baliabide-multzo bat jartzen du lurraldeko eragile ezberdinen eskura; hala nola, aurrez aurreko prestakuntza-saioak, on-line tutorialak, energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko gidak, Energia Argitu programaren web gunea, eta abar. Honakoak dira 2022 urtean zehar Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak martxan jarritako gainerako prestakuntza- eta sentsibilizazio-ekintzak:

• Etxean energia aurrez dezakezu erosotasunik galdu gabe!
• Energia berriztagarriak zure etxean…posible da!
• Ibilgailu elektrikoa eta mugikortasun jasangarrirako aukerak.
• Komunitate Energetikoak: zer dira eta nola funtzionatzen dute (Berria)
• Energia Argitu kit kanpaina (Berria): kanpaina honen helburua herritarrei etxeko energia-kontsumoa modu pertsonalizatuan auto-diagnostikatu eta ulertu ahal izateko beharrezko tresnak ematea da, baita energia-eraginkortasuna hobetzeko eta, ondorioz, faktura energetikoa murrizteko irtenbideak proposatzea ere.

Arloa: