Bergarako Udala-k Az, 2022-05-25 14:45-n bidalia
Arrizuriaga eraikina kultura-jarduera erabilera anitzeko espazio bihurtzeko proiektuari jarraituz, hura egonkortzeko lanak hasi dira maiatzaren 16an, eta bost hilabeteko iraupena izango dute.
Arrizuriaga eraikina sendotzeko obren barruan, arbelezko estalki osoa berrituko da. Fatxadari dagokionez, finkatze, konpontze eta garbitze lanak egiteaz gain, egoera txarrean dauden arotzeriak eta hondatutako beirak ordeztuko dira.
Barrualdean, egoera txarrean dauden zeramikazko trasdosatuak eraitsiko dira, eta euskarri ez den banaketa oro eta zoladura arinak (kautxua eta biniloak) kenduko dira solairu guztietan. Solairu bakoitzean espazio huts bana sortuz.
Alkateak 2022ko martxoaren 24an emandako dekretu bidez erabaki zen Arrizuriaga eraikinaren inguratzaile osoaren obrak egitea, eta O kotarainoko lanak egitea, horrela Arrizuriaga eraikinean –kultura-jardueren erabilera anitzeko espazio gisa– erabilera berriak integratzeko lanak “Goitu Eraikuntzak SL” enpresari 547.964 eurotan (BEZ barne) adjudikatu zitzaizkion.
Eraikinaren lanak hastearekin batera, bertan ezarriko diren jarduerak erabakitzeko prozesua diseinatzen hasi da Udala. Asmoa da partaidetza prozesu baten bitartez lantzea eta erabakitzea. Epe laburrean emango da prozesuaren berri.