Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak, Bergarako Udalarekin elkarlanean, Energia Argitu programaren baitan, energia modu eraginkorrean erabiliz eta erosotasunik galdu gabe energia eta dirua aurrezteko gomendioak ezagutzera emateko tailerra antolatu du, maiatzaren 26an, 18:00etan, Irizarko Euskaldunberri aretoan.

Denok erabiltzen dugu energia (argiterian, berokuntzan, sukaldean…) gure egunerokotasunean, horregatik da guztiontzako interesgarria saio hau. Norberak bere etxean ezarri ditzakeen eraginkortasun neurrietarako beharrezko materialak erakutsiko dira eta energia aurrezteko balio duten ohitura aldaketak zein diren azalduko da. Parte hartzen dutenei, “Energia-aurrezkiari eta –eraginkortasunari buruzko aholku praktikoen gida” banatuko zaie. Gida honetan modu erraz eta ulergarrian azaltzen dira energia aurrezteko eta eraginkorragoak izateko baliagarriak diren hainbat aholku.

Tailer honetan parte hartu nahi duten herritarrek, maiatzaren 24a baino lehen izena ematea beharrezkoa da, saioak aurrera egiteko ezinbestekoa baita aldez aurretik ikasleen kopurua ezagutzea. Horretarako, honako bideak erabil daitezke: 

·       Posta elektronikoa bidaltzea ondorengo helbidera: argitu@gipuzkoa.eus

·       Honako telefono zenbakira deitzea: 628-532-248 (astelehenetik ostiralera. Ordutegia 9:00-18:00)

·       Informazio osagarria: www.argitu.eus 

Tailer hauek Energia Argitu programaren baitan kokatzen dira eta bere helburua Gipuzkoako sektore ezberdinei (etxebizitzak, merkataritza, enpresa txikiak, etab.) energiaren kontsumoaren murrizketa lortzeko, eraginkortasuna handitzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko tresnak eskura jartzea da. Horretarako, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Foru Departamentuak baliabide-multzo bat jartzen du lurraldeko eragile ezberdinen eskura; hala nola, aurrez aurreko prestakuntza-saioak, on-line tutorialak, energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko gidak, Energia Argitu programaren web gunea, eta abar. Honakoak dira 2022 urtean zehar Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak martxan jarritako gainerako prestakuntza- eta sentsibilizazio-ekintzak:

·       Nola egokituko etxeko kontsumo elektrikoa tarifa berrietara erotu gabe 

·       Energia berriztagarriak zure etxean…posible da!

·       Ibilgailu elektrikoa eta mugikortasun jasangarrirako aukerak.

·       Komunitate Energetikoak: zer dira eta nola funtzionatzen dute (Berria)

·       Energia Argitu kit kanpaina (Berria): kanpaina honen helburua herritarrei etxeko energia-kontsumoa modu pertsonalizatuan auto diagnostikatu eta ulertu ahal izateko beharrezko tresnak ematea da, baita energia-eraginkortasuna hobetzeko eta, ondorioz, faktura elektrikoa murrizteko irtenbideak proposatzea ere.

 

Arloa: