Bergarako Udala-k Ar, 2022-04-26 17:04-n bidalia
Klima eta Energiari buruzko Tokiko Planaren prozesua, 'Bergara 2030 bizi energia', eta klimaren aldeko mahai eragilea aurkezteko saioa egingo du Bergarako Udalak apirilaren 28an, 17:30ean udaletxeko osoko bilkuren aretoan.
Bergarako Udala klima-aldaketa arintzeko eta bere ondorioetara egokitzeko balio izango duen Klima eta Energiari buruzko Tokiko Plana diseinatzeko lehen pausoak ematen hasi da. Horrela, Udalak otsailean plana idatziko duen enpresa kontratatu zuen eta ondoren, herriko egoera ezagutzeko, eta horren arabera neurri eraginkorrak ezartzeko balio izango duen azterketa egiten hasi zen. Tokiko Planak energiaren trantsizioa eta neutraltasun klimatikoa lortzeko helburuak eta ekintza zehatzak barneratuko ditu.
Herriko egoeraren diagnostikoa idazteko fasean eta baita azterketa horretatik abiatuz diseinatuko den tokiko planean ere, garrantzitsua izango da Bergaran bizi eta jarduten duten eragile ezberdinen ikuspuntua ezagutzea eta aintzat hartzea, klima-aldaketaren erronkari aurre egiteko ezinbestekoa baita Udala eta herriko eragile sozioekonomikoak elkarlanean aritzea.
Horrez gain, Udalak prozesu hau baliatu nahi du udalerrian gobernantza klimatikorako eredu berri bat garatzeko, eta hala plana osatzeko prozesuaren ondoren ere iraungo duen partaidetzarako egitura finko bat sortzeko asmoa du, Klimaren aldeko mahai eragilea.
Gaiarekin interesa duten herritar eta eragileak gonbidatu nahi ditu aurkezpenera Bergarako Udalak. Saioa irekia da, baina parte-hartzea aurrez jakinaraztea eskertuko da. Telefonoz, 943 779 100 (luz.: 1230) deituta edo bergara2030@bergara.eus helbidera idatzita.