Martxoaren 16an hasi ziren Ehundu eraldaketa sozialerako bulegoa hartuko duen lokaleko lanak. Mizpildi kaleko 2. zenbakian kokatuta dago udal jabetzako lokala. Lanak lau hilabetetan amaitzea aurreikusi da.

Construcciones Aplibur S.L. enpresari esleitu zaizkio 105.956,68€tan (BEZ barne).

Herritar talde baten kezkatik abiatuta, herritarren beharrak entzun eta horiei erantzun kolektiboa emateko espazio baten beharra ikusi zen orain dela hilabete batzuk, covid-19ak eragindako osa-sun pandemia betean. Hortik abiatuta, eta hilabetetako elkarlan publiko-komunitarioaren lanaren emaitza da ‘Ehundu’ eraldaketa sozialerako proiektua. Mizpildi kalean zabalduko den bulegoa proiektuaren parte da.

‘Ehundu’ izenak berak adierazten duenez, herriko eragileen eta norbanakoen artean sareak eratzea du helburu proiektuak, eta bergararren etorkizun bizigarriagoa eraikitzeko gaurko eta biharko korapiloei aurre egiteko tresnak sortuko ditu, sortzen ari da dagoeneko.

Ekimenaren sustatzaileak dira: Bergarako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Mondragon Unibertsitatea-HUHEZI, Debagoiena 2030 eta Olatukoop Ekonomia Sozial eta Eraldatzailea Sustatzeko Sarea.