Bergarako Udala-k Or, 2022-03-25 07:00-n bidalia
Intentsitate txikiko laguntza behar duten pertsona nagusiei zuzendutako ‘Arin’ zerbitzua martxan jartzeko prozesua abiatu du Bergarako Udalak. Une honetan zerbitzua arautzeko araudia onartzeko prozesuan dago eta zerbitzuaren kontrataziorako pleguak prestatzen. Bi prozesu hauek amaitua, aurreikusten da zerbitzua irailetik aurrera zabaltzea.
Gisa honetako zerbitzuek egunean zehar erabil dezaketen ekipamendua jartzen dute erabiltzaileen eskura. Eta pertsona horiei arreta emateko premia espezifikoekin lotutako intentsitate txikiko laguntza eskaintzen zaie.
Zerbitzua Boni Laskuraineko gizarte etxeko eraikinean eskaintzea aurreikusten da. Hala ere, taldeen osaketaren arabera beharra badago, beste guneren batean ere eskaintzeko aukera aurreikusita dago. Zerbitzua astelehenetik ostiralera 10:00etatik 13:00etara bitartean eskaintzea aurreikusten da, jaiegunetan eta oporraldietan izan ezik. Hala ere, egutegia jarduera mota bakoitzean izena emanda dauden talde eta pertsonei egokitzeko aukera egon daiteke. 12 lagun hartzeko lekua egongo da.
Behin-behineko alkate Ainhoa Lete eta Ongizate zinegotzi Zihortza Marzan zerbitzua emango den gunean egon dira.
Helburuak dira, batetik, adineko pertsona zaurgarrien autonomiari eustea, beren ohiko ingurunean mantentzen eta gizarteratzen laguntzea, eta, hala badagokio, isolamendu-egoerak konpentsatzea; beste aukera bat eskaintzea harremanak behar dituzten eta normalean bakarrik edo lan egiten duten senideekin bizi diren adineko autonomoei; nagusientzako harrera-, aisialdi- eta bizikidetza-zerbitzu bat eskaintzea, prebentzio-jarduerekin, arreta pertsonalizatuekin eta jolas-jarduerekin, oinarrizko helburua bizi-kalitatea hobetzea izanik.
Askotariko zerbitzuak eskainiko dira, esaterako, estimulazioa edo errehabilitazioa lantzekoak; hezkuntzari, kulturari eta aisiari lotutako jarduerak; edo gizarte-harremanak eta/edo harreman pertsonalak izateko edo ezartzeko trebetasunak eskuratzeko eta harremanak ezartzeko aukerak sortzeko laguntza.
Zerbitzua jasotzeko ezinbestekoa izango da Bergaran erroldatuta egotea. Eta hurrengo kasuetakoren batean daudenak:
65 urtetik gorako pertsonak, menpekotasun-arriskuan edo -egoeran daudenak (1. maila, mendekotasun balorazioan 25 eta 39 puntu artean lortu dituztenak).
Menpekotasuna aitortu gabeko adinekoak edo 25 puntutik beherako puntuazioa dutenak. Menpekotasun balorazioan, 75 urtetik gorakoak, hauskortasun-egoeran daudenak.
Isolamendua, bakardadea, abandonua edo tratu desegokia jasateko arriskuan edo egoeran dauden 65 urtetik gorako pertsonak.
Erabiltzaileak zerbitzuagatik ordainduko duen kopurua duen egoera ekonomikoaren arabera finkatuko da, eta hilean 5 € eta 60 € artekoa izango da.