Agorrosingo futbol zelaian egin behar diren birmoldaketa lanetan urrats berria egingo da datozen egunotan. Otsailaren 15eko Lurraldea batzordean aztertuko da futbol zelaiaren birmoldaketarako aurkeztu den proiektua, eta aurreikuspena da martxoko batzordean lanak esleitzeko moduan egotea, eta dagokion prozedura jarraituta ondoren egikaritzea.

Udalak lanak egin ahal izateko BKE-k bere jabegokoa den eremu hori eskualdatu behar dio. 

Ezketa, S.L.P-k idatzi du proiektua. Futbol-zelaiaren eremua eraikitzeari dagokio lanen lehen fasea da hau, eta milioi bat euroko aurrekontua du. Lanok egiteko hiru hilabete beharko direla aurreikusten da. 

Proiektu hori esku-hartze zabalago baten parte da, eta esku-hartze horretan sartuko da hura erabiltzeko behar diren eraikinen eraikuntza. Gainera, proiektuak honako helburu orokor hauek ditu: berdeguneak sustatzea, ingurunean jarraipena izatea, mugikortasuna hobetzea, espazioen balioaniztasuna eta jardun-eremuaren kohesioa. 

Fase honetan proposatzen da joko-zelaia partzelaren ipar-mendebaldeko ertzean ezartzea, baita dagozkion ureztatze eta drainatze-azpiegiturak ere, almazen-etxola eraisteko eta iparraldeko aldea ixteko, argiztapen-dorreetako bat eta instalazioaren alboko itxitura berria hartuko dituen izkina berria konfiguratzeko.

Pistari dagokionez, fase honetan gainazalean esku-hartuko da soilik beharrezkoak diren azpiegiturak prestatzeko. 

Proposatzen da goi mailako partiduetarako gutxieneko neurriak betetzen dituen futbol-zelai bat egitea, hau da, 105 metroko luzera eta 68 metroko zabalera duen jokaleku bat, bandetan 1,50 metroko kanpo-bandak dituena eta funtsetan 2,50 metroko zabalera duena. 

Soropil sintetikoa jarriko da, futbol-zelai berria intentsiboki erabiltzeko aukera bermatuta egon dadin, eta mantentze-lan handirik beharko ez duena.

Argiteriari dagokionez, led motako argiak izango dituzten lau poste jarriko dira, jokalarien eta ikusleen ikuspen ona bermatuko duen argiztapen uniformea lortzeko, nahi gabeko itsualdirik gerta ez dadin.

Ureztatze sistemari dagokionez, automatikoa izango da, 6 zonalde perimetralen bidez, jokalekuaren azalera osoa modu homogeneoan hartuko du, inguruko jarduera osagarriak (pista perimetrala) oztopatu gabe. Ezkutukoak izango dira, futbolarien segurtasuna bermatzeko, eta urrutitik kontrolatu eta kudeatu ahal izango dira, uraren erabilera optimizatzeko.

Perimetroaren itxitura ere berria izango da. 

Lehen fase honen ondoren gutxienez beste bi egongo dira. 2. fasean aldagelak, harmailak eta pista perimetrala egingo dira, eta 3. fasean hutsik gelditzen dien gainontzeko metroak.

*Argazkia: Aitor Aranzabal (Bergarako Udala), Iosu Elortza (BKE), Ainhoa Lete (Bergarako Udala), Garbiñe Elorza (BKE) eta Javi Orbea (BKE).

Irudiak:

- Jardun-eremua.

- Futbol-zelaia.

- Itxiturak.

- Proiektua amaitzerakoan izango duen itxura. 

Arloa: