Jolaserako gune estali berria dute bergararrek erabilgarri San Martin Agirre Herri Eskolako Haur Hezkuntzako patioan estalpea jarrita.

Bergarako Udalak San Martin Agirre ikastetxetik aspalditik zegoen eskaerari erantzun dio, Haur Hezkuntzako eraikinean gune estalia jarriz. Herritar guztiak izango dira onuradunak, izan ere, eskola orduetatik kanpo hura erabiltzeko aukera izango baitute.

'Bergara izan, bizi, ekin' legealdirako planean jasotzen da Udal Gobernuaren asmoa herritarrei horrelako guneak eskaintzeko. Ildo berean doaz, San Martineko LHn eskola komunitatearekin elkarlanean egindako jolas librerako gunea. 2022an herrigunean ere jolaserako gune estalia jartzeko aukera landuko du Udalak.

Herritarren batzordeko lehendakari Ekaitz Aranberriren esanetan, “beti dira beharrezkoak horrelako guneak herrietan, baina une honetako osasun egoeraren ondorioz, are beharrezkoagoak dira aire librean dauden espazio babestuak. Jolaserako, elkarrekin egoteko beste gune bat izango dugu orain bergararrok. Mugatuta dago oraindik beste pertsonekin elkarrekintzarako aukera, eta uste dugu horrelako guneak edukitzeak lagundu egiten duela pertsonen ongizatean”.

151.777,85 euroko aurrekontua izan du lan honek. Kopuru horren %60 Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak emandako diru-laguntzarekin ordainduko da, eta gainontzekoa Udalak.