Abenduaren 20an egin duen ohiko osoko bilkuran onartu ditu 2022rako aurrekontuak Bergarako udalbatzak. 27.814.040€ko aurrekontu bateratua izango du, iazkoa baino % 9 handiagoa. EH Bilduren aldeko botoekin (8) eta EAJ-PNV (6) eta PSE-EEren (1) abstentzioarekin onartu dira. Udal Gobernuak eta EAJ-PNVk 12 puntu adostu eta bilkuraren aurretik sinatu dute akordioa. 

Gaur egungo egoerari eta bergararren beharrei erantzungo dieten aurrekontuak direla azaldu du bilkuran Udal Gobernuaren bozeramale Nagore Iñurrategik. “Bergararren ongizatea bermatzeko helburuarekin, sustapen ekonomikoari eta gizarte zerbitzuei bideratutako diru-poltsak handitu dira. Helburua izan da egoera zaurgarrian daudenek zerbitzu duinak izan ditzaten, inor bazterrean gera ez dadin. Horretarako, Gizarte Zerbitzuetara 2.582.986€ bideratu dira”. 

Sustapen ekonomikora bideratutako kopurua ere (693.251€) %15 handitu da 2021ekoarekiko. 

Turismo alorrean aurkeztu berri den turismo plana gauzatzeko, bertara bideratutako aurrekontua 235.328€ onartu da. Eta horrela azaldu du Iñurrategik: “Gure herriko ondarea kanpoan ere ezaguna izan dadin, eta beste garai batzuetan izan duen prestigioa berreskuratzen lagunduko du”.

Gobernantza eredu berriak sustatuz, proiektu berritzaileak abiatu ditu Bergarako Udalak. Herritarrekin eta eragileekin elkarlanean, herritarren beharrak erantzutera bideratuta egongo den EHUNDU eraldaketa sozialerako bulegorako eta ekintzak egiteko 75.000€ bideratuko dira. 

Inbertsioak oso baldintzatuta egongo dira martxan jarriko diren bi esku-hartzerekin. Datozen hilabeteetan obra garrantzitsua gauzatuko da herrian: Zubieta eta Masterreka kaleak berritzea, urtez urterako aurreikusitakoari jarraituz, 2021ekoari gehituko zaio 1.025.000€. Agorrosineko lanak egiteko ere 600.000€ aurreikusi dira. 

Energia berriztagarriak ezartzeko partida ere handitu da.

Herritarrek egindako eskaerei erantzunez gauzatuko dira hainbat kontu, horietarik batzuk hain beharrezkoa dugun aisiari bideratutakoak, esaterako ur-jolasetarako, ur-txorrotak egiteko 300.000€ aurreikusi dira. Jaietarako partidak ere berreskuratuko dira (373.670€). Bestetik, auzoak biziberritzeko programan 60.000€ aurreikusi dira.

Udal Gobernuak eta EAJ-PNV udal taldeak 12 puntuz osatutako akordioa egin dute. 

Gorka Artola alkateak akordioaren inguruan esan zuen: “bergararron ongizatea bermatzeko helburuarekin, ikuspegi desberdinetatik ekarpenak jasotzea interesgarria eta aberasgarria dela pentsatzen dugulako” egin dutela akordioa. “Dagoeneko horrela lan egiten ari gara, horretarako prestutasuna erakutsi duten eragileekin, beste hainbat proiektutan ere”.

Eta gehitu zuen, “uste dugu bergararrek merezi dutela arduradun politikoen aldetik seriotasuna, elkarrekin lan egiteko gaitasuna, eta desberdinen artean lankidetza eta akordioak lortzeko ahalegina egitea. Desberdinen arteko ekarpenak aberastu egiten baitu proiektua”, akordioa lantzen aritu diren bi taldeetako ordezkariei eskerrak eman zizkien.
 

EAJ-PNVko zinegotzi Martin Etxanizek azaldu zuen haien taldeak 18ko puntuko proposamena egin ziola Udal Gobernuari, guztietan ez dutela adostasunik lortu, baina egindako gehienak onartu egin direla, hartara akordioa sinatu dutela. 

Aurrekontuetan txertatu ez diren hainbat proiektu garrantzitsu gerakinetik egitea aurreikusten zuen Udal Gobernuak eta EAJ-PNVrekin lortutako akordioan, horietako batzuk jaso dira zein EAJ-PNVk proposatutako beste batzuk. Adibidez: 

  • Martoko aldeko urbanizazioaren proiektuaren idazketa eta garapenerako 2021eko gerakinetik 250.000€ bideratzea.

  • Simon Arrieta plaza bizilagun-komunitateekin batera kofinantzatuta berrurbanizatzeko proposamena lantzeko 15.000€.

  • Gizarte zerbitzuak hobetzeko hainbat konpromiso, esaterako, 75.000€ eguneko zentro arineko zerbitzua eskaintzera bideratzea, eta beste 25.000€ karteraren garapeneko hainbat ekintza bideratzera edota etxez etxeko gaueko zerbitzuaren azterketa egitea.

  • Herrigunean jolas toki estali berri bat egiteko lanketarako talde bat sortu eta exekuziorako gerakinetik 100.000€ bideratzea. 

  • Gazteek jasandako sexu-abusuen inguruan abenduan aho batez onartutako mozioan jasotako konpromisoei erantzun asmoz ekimenak martxan jartzeko 7.000€-ko diru izendapena jasotzea eta berariaz lanketa hori bideratzeko taldea sortzea..

  • hileta zibilak egin ahal izateko arautegia berritzeko prozesua martxan egonda, horretarako espazio propio egokiak identifikatu eta beharrezko egokitzapen azterketarako 10.000€-ko diru izendapena jasotzea eta beharrezko egokitzapenetarako 80.000€ gerakinetik bideratzeko konpromisoa hartzea.