100 urte bete ditu gaur Kontxi Fernandez de Arroiabe Pagoagak. Ezaugarri duen umore ona galdu gabe, eta osasuntsu, heldu da zenbaki borobila ospatzeko egunera Kontxi, senitartekoek esan digutenez. Bergararren izenean ohiko oroigarria eta lore sorta jaso ditu Zihortza Marzan Ongizate zinegotziaren eta Ainhoa Lete alkate ordearen eskutik.

Senitartekoek inguratuta ospatuko du eguna. Beti izan du gustuko familia eta lagunekin egotea, gaur egun ere, adinak uzten dion neurrian egoten da haiekin.

Eskoriatzan jaioa, orain dela 70 urte inguru etorri zen Bergarara. Etxeko lanei eta familiaren zaintzari, lau seme-alaba ditu, eskaini dio dedikazio handia. Josten ere badaki, eta gustuz egiten zuen jarduera hobetzeko ikastaroa ere egin zuen garai batean, ondoren ikasitakoak beste batzuei ere irakasten jardun zuen denbora tarte labur batean.

Datozen urteei, gutxienez ehungarrenari heldu dion umore eta kemenarekin heltzea opa diogu Kontxi Fernandez de Arroiabe Pagoagari, izan dezan horrelako egun gehiago ospatzeko aukera.