Bergarako Udala-k Ig, 2021-10-17 13:43-n bidalia
Gaur bete ditu 101 urte Maria Urzelai Iturricastillok. Iaz, COVID-19ak eragindako osasun egoeragatik ezin izan zuen behar bezala ospatu ehungarren urteurren borobila, hargatik, aurten egingo du ospakizun berezia familiarekin.
Bergaran sortu zen 1920ko urriaren 17an. Lau seme-alaba izan ditu. Emakume lasaia eta alaia dela diote ingurukoek.
2015. urtetik Mizpirualde Egoitzan bizi da Urzelai, eta han hartu ditu gaur Gorka Artola alkatea eta Zihortza Marzan Ongizate zinegotzia. Bergararren izenean, ohikoa denez, lore-sorta eta oroigarria eman dizkiote alkateak eta ongizate zinegotziak.
Ez dira horiek izan jaso dituen opari bakarrak, Mizpirualdeko arduradun eta langileek ere lore-sorta oparitu baitiote. Eta familiartekoak ere berarekin ditu gaur, egun berezia ospatzeko bisitan joan baitzaizkio 20 senitarteko baino gehiago, eta elkarrekin ospatuko dute eguna.
Zorionak Maria! Hurrengoak ere aurtengoak bezain ondo ospa ditzazun opa dizugu.