Loiolan, Azkoitian eta Bergaran izango dira kontzertuak, ostiral honetan hasi eta urriaren 23ra bitartean. Asteartean egin zuten aurkezpena Azpeitiko udaletxean egitasmoaren antolatzaileek.

Aurtengo edizioan, guztira, hamar kontzertu entzuteko aukera izango da Loiolako basilikan, Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parrokian zein Bergarako Santa Marina parrokian. Gipuzkoako Organoaren Lagunak taldeko kide eta organo-jotzaile diren Loreto Aramendik eta Itziar Urbietak parte-hartzaileen xehetasunak eman dituzte. Nazioarteko musikariek zein bertakoek eskainiko dituzte kontzertuak; besteak beste, munduan zehar ezagunak bilakatu diren Ben Van Oosten eta Kurt Lueders organo-jotzaileak izango dira; baita, esaterako, Euskal Herriko Aitor Olea, Loreto F. Imaz zein Myriam Ulanga ere. Gainera, Azpeitiko zein Bergarako organo ikasleen kontzertuak ere izango dira aurtengo zikloan.

Egitarauaren berri emateaz gain, Organo Erromantikoaren Nazioarteko Zikloaren lehen ediziotik antolakuntzan aritu den Esteban Elizondori eskertza egiteko abagunea aprobetxatu dute hiru herrietako udalek. Bergarako Udalak hiru udalen izenean prestatutako oroigarri bat eman dio aurkezpenean bertan Elizondori, eta Edurne Kortak kultura zerbitzuko teknikariak "utzitako oinordetza" eskertu dio. Vazquezek eta Albizuk ere eskerrak eman dizkiete hari zein Frantsesenari urte hauetan guztietan egindako lanagatik. Vazquezek, bestalde, "errelebo ona" dutela azaldu du.

Esteban Elizondok bere kargua gazteen esku utzi du eta taldekide berriak izango dira zikloaren ardura hartuko dutenak.

Elizondok ere esker hitzak izan ditu hiru udalentzat, eta hark Azkoitian, Azpeitian zein Bergaran dauden organoen garrantzia azpimarratu du.