Herritarren eskura jarri ditu Bergarako Udalak herriko hainbat puntutan, kalean, desfibriladoreak. Eraikin publikoen barruan zeuden batzuk kalera atera dira, eta berriak ere jarri dira. Automatikoak dira, erabil errazak. Aparatuen ondoan jarraibideak jasotzen dituzten azalpen orriak daude eta, ahots bidezko oharrak ere ematen dituzte makinek, nola erabili erakutsiz.

Larrialdiak edozein momentutan gerta litezkeela-eta erabaki du Udalak desfibriladoreak kalera ateratzea, edozein ordutan erabilgarri egon daitezen.

Herriko leku hauetan daude desfibriladoreak:
- Agorrosin: kanpoan.
- Labegaraieta kiroldegia: kanpoan
- Frontoia: Atariko aterpean kalean.
- Udaletxea: udaltzaingoan.
- Seminarixoa: kanpoan, sarrera ondoko zutabean.
- Irizar jauregia: barruko atarian.
- Osintxu: Txuringokoa kanpoan.
- Angiozar: Mediku kontsultaren kanpoan.

Horiez gain, udaltzaingoak eramangarria den bat ere badu, ibilgailuan eramaten duena. Bestetik, ekitaldiak antolatzen direnerako, eramangarria den beste bat ere eskuratu daiteke. Herriko eragileek ekimenen bat antolatzen dutenean hori eskatzeko aukera ere izango dute.