Bergarako Udalak San Martin Agirre ikastetxeko Haur Hezkuntzako patioan (Martinez de Iralan) estalpe bat jarriko du.

Honela, San Martin Agirre ikastetxetik aspalditik zegoen eskaerari erantzungo zaio, Lehen Hezkuntzako eraikinean egin zen moduan, Haur Hezkuntzako eraikinean gune estalia jarriz. Baina, ez hori bakarrik, izan ere, herritar guztiak izango dira onuradunak, eskola orduetatik kanpo berau erabiltzeko aukera izango baitute.

Udalak eskolaren eskaera bere egin du. “Beti dira beharrezkoak horrelako guneak herrietan, baina une honetako osasun egoeraren ondorioz, are beharrezkoagoak dira aire librean dauden espazio babestuak. Jolaserako, elkarrekin egoteko beste gune bat izango dugu lan hau egin ondoren bergararrok. Mugatuta dago oraindik beste pertsonekin elkarrekintzarako aukera, eta uste dugu horrelako guneak edukitzeak lagundu egiten duela pertsonen ongizatean. Bestetik, Udal Gobernuak horrelako espazioak sortzeko hartutako konpromisoari ere erantzungo diogu”, Ekaitz Aranberri Herritarren Batzordeko Lehendakari eta Zinegotziaren ustez.

Estalperako egin den aurreproiektuaren zenbatekoa 151.777,85 eurokoa da. Udalak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari diru-laguntza eskatu dio eta maiatzaren 27an EHAAn argitaratutakoaren arabera, zenbatekoaren %60a diruz lagunduko du Hezkuntza Sailak.

Obraren lizitazioa oraindik egin gabe dago, diru-laguntzaren ebazpena jaso berria delako.