Angizozarko eta Osintxuko auzoetako ia ume guztiek erabiltzen dituzte bertako ludoteketako zerbitzuak. Oxirondon ez bezala.

Hiru ludoteka daude Bergaran. Oxirondoko ludotekan, bertara hurbiltzen den haurren perfilaren gehiengoa guraso etorkinen seme-alabak dira. "Egoera honek kulturartekotasunaren lanketa konplexua izatea ekartzen du, ez delako herrian dagoen kultur aniztasunaren islada. Haurren artean euskararen erabilera sustatzeko zailtasunak izaten ditugu eta perfil anitzagoa izateak kulturartekotasunean urratsak ematen lagunduko luke”, Ekaitz Aranberri zinegotziaren esanetan.

Hori honela, maiatzean partaidetza prozesu bat gauzatuko da herriko gurasoekin, haurrak ludotekan izenik ez emateko arrazoiak ezagutzeko. Bilera bana egingo da ludotekako erabiltzaile diren guraso eta umeekin eta ludotekako erabiltzaileak ez diren gurasoekin. Prozesua ekaina erdialderako amaitzea aurreikusi da.

Zerbitzua ez erabiltzearen arrazoiak ezagututa eskaintza egokitzea aztertuko da, helburua baita Bergarako haur guztiek aukera izan dezaten kalitatezko aisialdiaz gozatzeko.

Ludoteka jolasa oinarri hartuta aisialdiaz modu hezitzaile batean gozatzeko aukera eskaintzen duen zerbitzua da. Bergarako Udalaren asmoa herriko gurasoekin, ludotekaren inguruko hausnarketa partekatzea da, guztion artean etorkizunera begira eman beharreko urratsak definitzeko.

Eranskinak: