Otsailaren 12an hainbat bilera egingo ditu Bergarako Udalak herriko ostalariekin. COVID-19ak eragindako osasun egoeraren ondorioz sortutako hainbat beharrei helduko diete bertan. Terrazen kokapenak, horiek egiteko moldatu beharreko araudia eta diru-laguntzak dira une honetan langaiak.

Azaroaren 10ean egin zuen Udalak lehen bilera irekia ostalariekin gai hauek lantzen hasteko. Ondoren ostalariek izendatutako ordezkariekin beste bost bilera berezi egin ditu Udalak abenduaren amaiera bitarte. Urtarrilean barne mailako lanketan aritu dira udaleko ordezkari eta langileak, araudiaren moldaketa prestatzen eta banaka terrazak aztertzen eta bakoitzarentzat proposamen propioa lantzen. Denbora tarte honetan ere, udal aurrekontuen prozesuaren baitan diru-laguntzen gaia landu da.

Otsailaren 12an hitzordu desberdinak jarri dira, establezimenduak kokatuta dauden kaleen araberakoak (otsailaren 4an jaso dute ostalariek deialdia). Esan bezala, establezimendu bakoitzak duen terrazaren azterketa egin da eta hauen kokapenerako landu diren planoen proposamena egingo zaio ostalari bakoitzari, ondoren berarekin adostu ahal izateko nolakoa behar duen.

Terrazen kokapenak aldatu eta estalpeak jarri ahal izateko udal ordenantzak aldatu egin behar dira eta moldaketa horien proposamena landu da dagoeneko eta hori aurkeztuko zaie ostalariei. Jasotzen diren aldaketa nabarmenak hauek dira: Alboak lona edo manparekin itxita izango dituzten karpak edo toldoak jartzeko aukera; goizeko irekiera ordutegia aurreratzea; berogailuak jartzeko aukera eta ohiko espaziotik aparte, terraza handitzeko aparkalekuen erabilera baimentzea.

2021erako aurrekontuan jaso bezala, laguntza zuzena emango zaie osasun egoerak eraginda establezimenduak itxi behar izan dituzten ostalariei. Guztira 70.000 euro, horrela banatuta: Bi langile edo gutxiagokoei 500 euro, hirugarren langiletik aurrera 150 euro gehiago. Alokairua edo kreditua ordaindu behar badute, beste 200 euro. Gehienez jasoko den laguntza 1.200 euro izango da. Ostatu eta janari-edari banatzaile arlokoei lagunduko zaie azaroko fakturazioa %75 edo gehiago jaitsi bazaie.

Beste laguntza lerro bat ere egongo da, 47.561 eurokoa GFAren bitartez, inbertsioetarako.

Bestetik, eta lan munduari lotutako laguntzen harira, une honetan enpresei urtero ematen zaizkien laguntzen gaia lantzen ari da Udala.