Lanak amaituta, otsailaren 6an, zapatuan, egingo da Labegaraieta kiroldegiaren inaugurazio ofiziala. 

Bergararrentzat, kirol taldeentzat eta bereziki auzokideentzat hobetuta berreskuratuko da kirola egiteko gune bat. Egindako hobekuntzak bertatik bertara ikusteko aukera eskaini nahi du Bergarako Udalak eta horretarako, bisita-gidatuak antolatu ditu inaugurazio gisa. 

Gaur egungo osasun egoera aintzat hartuta, talde txikietan (gehienez ere 20 pertsonako taldeetan) eta aurrez finkatutako hitzorduetan egingo dira bisita hauek. 

Hitzorduak Labegaraietako barruko harmailan egingo dira. 

Goizeko 10:00etan egingo da lehenengo txanda. Agintari eta alderdi politikoetako ordezkariei azalpenak emango dizkiete arkitektoak, eraikuntza enpresako eta udaleko ordezkari teknikoek. 

Kirol elkarteentzat bi hitzordu jarri dira, 11:00etan eta 11:45ean. 

Herritarrek ere izango dute aukera bisita-gidatua egiteko. Kasu honetan, lekuaren erreserba egin behar da Agorrosinera deituta. Herritarrei zuzendutako bi hitzordu daude: 12:30ean auzokoentzat eta 13:15ean gainontzeko bergararrentzat.

 

Irisgarria izango da kiroldegia

Bergarako Udalak Labegaraietako kiroldegia berritzearekin batera, hori irisgarria izan dadin lanak egin ditu. Barne erreformarako diru-laguntza eskatu zuen Eusko Jaurlaritzan. Udaleko bulego teknikoak jakin berri du diru-laguntza hori jasoko duela Udalak Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailburuordetzatik. Hartara, irisgarritasun aurrekontua 44.554,96​ eurokoa izan da, eta 22.277,48​ eurokoa, berriz, Jaurlaritzak emandako diru-laguntza (2020, 2021 eta 2022 urtetakoa).