Bergarako Udala-k Or, 2021-01-08 17:05-n bidalia
Pili Arin Milikua atleta ohiak Bergarako atletismoaren historia liburu batean jaso du. Garai batean garrantzi handia izan zuen kirol honek Bergaran eta atleta onak eman zituen. Gaur egungo memorian jasota gera dadin ekarpena egiten du Arinek lan honekin. Bergarako Udalak lagundutako proiektua da.
Pili Arinekin batera egon da aurkezpenean Gorka Artola Bergarako alkatea. “Balio handiko lana da Pili Arinek egin duena. Modu honetan, beste arlo batzuetan egiten ari garen moduan, gure historia berreskuratzen dugulako eta beharrezkoa delako hauek jasota geratzea. Bergarako kirolaren memoriaren berreskurapenean beste batzuek egindako lanei gehituta, Pol Polek edo BKEk, gure historia osatzen ari gara. Balio erantsia ematen dio emakume batek idatzi izanak. Pilik berak kontatzen du ez zela erraza izan emakume izatea eta kirolean aritzea, baina hala ere, aurrera egin zuen. Eredu bat da gaur egungo gazteentzat.”
1916an hasten da Bergarako Atletismoaren Historia liburuan kontakizuna, hain zuzen ere, bertan jasotzen denez, “Bergaran atletismoa jaio zen Gipuzkoako Atletismo Federazioa sortu zen urte berean, 1916an. Gipuzkoako Atletismo Federazioa 1916ko martxoaren 11n sortu zen, hainbat elkarteren 9 ordezkari bertan zeudela. Urte horretako ekainerako jada, 17 elkarte ziren: 13 Donostian, 3 Eibarren eta 1 Bergaran”.
Arinek liburuan kontatzen duenez, halaber, “ez dakigu garai horretan atleta nabarmenik izan ote zen Bergaran, baina badakigu lasterketak antolatu zirela eta horietan lasterkari ospetsuek hartu zutela parte, esaterako Juan Mugertza edo Jose Andia...; horrenbestez, pentsa dezakegu lasterketa horiek goi mailakoak izango zirela, nahiz eta gehienak herri mailan egin eta, batzuetan, apustuen ondorioz”.
Hamarkadaz hamarkada errepasoa egiten da liburuan zehar. Bergarako atletismoak bizi izan zituen urrezko urteetan intzidentzia eginez. Emakumezkoek kirol honetan egindakoa ere propio jasotzen du Arinek liburuan, bere esperientzia ere kontatuz. Bera izan zen lehenengo emakumeetako bat Bergarako atletismoan.
60ko hamarkadan, mutilak baino ez ziren kirol- jardueran aritzen, eta gehienek futbola aukeratzen zuten (...). Atletismoa, banakako kirol gisa, hasi baino ez zen egin, pistan zein krosean, eta, jakina, aritzen zirenen % 100 mutilak ziren.
Eta horrela kontatzen du Arinek bere hasierako esperientzia: “1964ko Mendekoste-jaietan, Agorrosinen antolatutako atletismoko lehiaketan parte hartu nuen, eta taldean sartzera animatu ninduten. Horrela, beraz, atletismo- taldeko kide bihurtu eta Enrique San Nicolasen aginduetara jarri nintzen”.
“Ez zen erraza izan 15 urterekin neska bakarra izatea hogeitik gora mutilen artean. Nire atleta taldeak oso ongi hartu eta zaindu ninduen. Hala ere, Agorrosinen gurekin entrenatzen ziren beste kirolari batzuek ez zuten ulertzen nire zaletasuna nitaz marmarka esaten edo hitz egin zezaketena baino indartsua izatea”.
Bergarako Udalaren webgunean dago irakurgai liburua, formatu digitalean. 2020 urte hasieran egin zen lehen argitalpena, baina ondoren sortutako osasun egoeragatik ez da orain arte aurkezpenik egin.