Bergarako udalak kultura ekimenen kudeaketarako plataforma berria jarriko du martxan datozen egunotan, seminarixoa.eus domeinuan. Plataforma honekin, ekitaldi handiak egoki kudeatzeko gaitasuna hobetu egingo da. Orain arte erabiltzen zen zerbitzuak baino gaitasun handiagoa du erabiltzaile kopuru handien trafikoa kudeatzeko.

Kristina Markina Kultura zinegotziaren iritziz, “zerbitzu hobea eskainiko zaie bergararrei eta Bergarako kultura eskaintzan interesa duten gainontzeko pertsonei eta herritarrek egindako eskaerari erantzungo diogu hobekuntza hau eginez”.

Izan ere, herritarrek gune bakar batean jaso ahal izango dute kultura eskaintzari lotutako informazio osoa eta osatua. Hilabeteko eta hurrengo ekitaldien informazio osoa egongo da bertan; ekitaldi bakoitzak, gainera, bere atal propioa izango du, informazio osoarekin. Aldioro webgunera sartu gabe, interesa duen orok propio sortuko diren sare sozialetan informazioa jasotzeko aukera izango du, izan ere, automatikoki egiten du hori tresnak. Aurre planifikazio batekin iragarpenak egiteko aukera egongo da.

Kulturaren arloko kudeaketa osoa egiteko aukera izango du honen bitartez Udalak: kudeaketa, salmenta eta marketina.

Plataforma honen jabetza Bergarako Udalarena da. Datuak udalarenak izango dira eta udalak gestionatuko ditu. Ez dago komisiorik, ez udalarentzat ez erosleentzat ere, beraz, arlo honetan ere hobekuntza dakar plataforma berriak, izan ere, aurretik sarrerak erosteko erabiltzen zenak komisioak kobratzen zituen egindako eragiketengatik.

Komunikazio zuzena

Erabiltzaileek haien interesaren araberako informazioa jasotzeko aukera izango dute. Herritarrak sarrera bat lehen aldiz erosten duenean, bere datuak sartu beharko ditu eta bere perfila zehazteko aukera izango du, bere interesen araberako informazioa jaso ahal izateko. Horrela nahi badu, posta elektronikoan jasoko du bere eskaeraren eta nahiaren araberako informazioa.

Ekitaldi amaieran, ikus-entzuleak bere iritzia zuzenean emateko aukera ere izango du, inkesta bidez. Honek, Bergarako udalari aukera emango dio herritarrek dituzten nahi eta beharrak ezagutzeko eta kultura eskaintza horri erantzunez prestatzeko.

Arloa: