Aurrekontua udalbatzako talde politiko guztiei aurkeztu die Udal Gobernuak dagoeneko, eta ekarpenak egiteko epea zabaldu du abenduak 23 arte. Asmoa da urtarrilaren 25eko ohiko osoko bilkuran onartzea.

Pandemia egoera betean prestatu du Bergarako Udal Gobernuak 2021erako aurrekontu proiektua eta ondorioz, egoera honek kaltetutako sektore eta pertsonei erantzuteko ahalegina egin da, bereziki. Horregatik, ahalegina egin du Udalak herriko eragileentzako diru-laguntzak mantentzen eta egoera berezi honi aurre egiteko baliabideak jartzen.

2020ko aurrekontuekin alderatuta %5,58 txikiagoa da 2021erako aurkeztu dena, eta horrek Udalaren inbertsio ahalmenean eragingo du.

Egoera zaurgarrian dauden pertsonengan eragin du bereziki osasun pandemiak. Horregatik, gizarte zerbitzuetan 2.153.296 eurotik 2.315.106ra igo da aurrekontua. Besteak beste, etxez etxeko zerbitzurako partida 680.000 eurotik 816.445ra igo da eta COVID-19ak sortutako premia bereziei erantzuteko 65.000 euroko partida berria sortu.

Sustapen ekonomikoan ere 494.805tik 546.251 eurora igo da diru-partida. Guztiok jakina da komertzioentzat eta merkataritzarentzat azken hilabeteak bereziki zailak izan direla. Eta bide guztietatik laguntza beharko dutela egoera iraultzeko; horregatik, herriko komertzioa eta ostalaritza suspertzeko partidak bideratuko dira formatu desberdinetan. Enplegu garapena sustatzeko transferentzien partida 115.000€tik 247.000€ra igo da.

2020an Udalak Berdintasunean aurrekontua mantendu edo igotzeko konpromisoa hartu zuen eta hortaz, konpromisoa betetze bidean, igoera eman da.

Aratusteetarako eta Pentekosteetarako aurrekontuak partida global batera eraman dira, pandemiagatik horiek ospatzea ezinezkoa bada, beste premia batzuk asetzera bideratzeko. San Martzialetako eta San Martinetako partidak bere horretan mantendu dira. Aurrekontuak irekiak eta dinamikoak izango direla aurreratu zuen jada Udal Gobernuak. Egoera edozein unetan alda daitekeela jakinda, mugitu daitezkeen partidak sortu dira.

Ingurumenean ere indarra jarri nahi izan da. Energia plana egiteko 15.000 euroko partida aurreikusi da, eta 50.000koa energia berriztagarrietara bideratzeko. Lurrak erosteko partida 10.000tik 30.000ra igo da, batez ere, lurrak elikadura subirautzara begira erosteko.

Kirol arloan, Agorrosineko futbol zelaia berrizteko BKErekin izandako negoziazioak bide onetik doazela ikusita partida bat aurreikusi da. Udal pilotalekuko aldagelak berrizteko partida bat ere egongo da. Pertsonen osasunean eta ongizatean ere eragiten duelako kirolak. Eta herritarrei arlo honetan ere zerbitzua hobetzeko ahaleginari eutsiko zaio modu honetan.

Udal talde politikoen asignazioan %20ko jaitsiera ere planteatzen da. Izan ere, herritarren ahalmen ekonomikoa jaitsi den heinean alderdiak ezin dira gainontzeko herritarrek bizi duten egoeratik aparte egon.
Badaude hainbat proiektu 2020an gauzatu ezin izan direnak eta 2021an egitea aurreikusi direnak. Ortu publikoak eta txakur gunea dira horietako batzuk. Aurreko urteko diruarekin egingo dira, 2021ean, nahiz eta 2021eko aurrekontu proiektuan ez ageri. Egoera berberean dago Zubietaren eraberritzea. Atzeratu behar izan da COVID-19agatik hori ere, baina diru-partida inportantea gorde da horretarako.

Bestalde, inbertsio ahalmena izateko eta hainbat proiektu aurrera atera ahal izateko, Bergarako Udalak 2 milioi euroko mailegua du eskatuta. Nahiz eta aurrekontuetan ez ageri, hainbat proiektu diru horrekin finantzatuko dira.