Bertara hedabideekin egindako bisitan, Gorka Artola alkateak nabarmendu du, “lanak amaitzen direnean, kirola egiten duten bergararrek azpiegitura berritu eta hobeak izango dituzte erabilgarri. Kirol ekipamendua berritu eta handitu egin da, herritarrek egindako eskaerari erantzunez horrela. Bestetik, garai batean industriara bideratuta zegoen eraikina eta 80. hamarkadan berreskuratu zena, orain hobetzea, eta ondorioz, ondare industrialari erabilera berria ematea garrantzitsua da”.

Labegaraietako udal kiroldegia dagoen eraikinak duen ondare izendapenagatik, aurretik zuen itxura mantendu egingo da. Guztira 2.600.000 euroko inbertsioa egingo da lan hauetan eta urtarrilaren erdialdean amaitzea aurreikusi da.

Hainbat hobekuntza izango ditu obrak amaitutakoan. Nabarmentzekoa da lehen ez zegoen irisgarritasuna bermatuko dela orain, arrapalak eta igogailua jarriz. Bestetik, eskalatzeko espazioa bikoiztu egin da; harmaila berriak jarriko dira aldamenetan; berogailua egongo da eserlekuak dauden eremuetan, ikusleentzat baldintzak hobetuz; eraikinari zabaltze bat gehitu zaio, espazio berriak sortuz; taberna ere erabat berritu da.

Erabilera anitzeko pistaren zorua erabat berrituko da. Lanak egiteko orduan uraren filtrazioak sortutako arazoak antzeman dira bertan eta horiek konpontzeko, zorua jarri aurretik forjatu sanitario bat eraikiko da, ura sar ez dadin. Forjaketa hori takodun polietilenozko xafla batez osatuta egongo da, 'arrautza kaxa' gisa, eta horren gainean hormigoi armatuzko zolata bat egingo da, 5 zm-ko lodierako polipropilenozko zuntzarekin; horrela, zoladurak lehendik dagoen zolatarekin kontakturik izango ez lukeela bermatuko litzateke, eta ura egurreraino igotzea saihestuko litzateke. Horren kostua 64.699,08 euro izango da.

Egindako zabaltzeari esker, hemendik aurrera, aldagela eta komun gehiago izango dira erabilgarri. Zehazki: hiru aldagela bikoitz, horietako bat egokituta; bi komun, eta komun-kabina egokitua dago bakoitzean; Arbitroentzat bakarrik den eta komun-kabina egokitua duen aldagela bat. Biltegi bat eta erantsitako lokal bat, piraguismo-klubak soilik erabiltzeko (piraguak zutik gorde ahal izateko nahikoa altuera izango duena) eta biltegi berri bat. Modulu berri hau egungo kiroldegiaren hego-ekialdeko fatxadari atxiki zaio.

Taberna-kafetegi berriak barne erabilerako komun berri bat, biltegi multzo bat, sukalde- eta manipulazio-gune berri bat, barneko eta kanpoko zerbitzurako barra berri bat eta egongela-jangela bat ditu, sarrera nagusiko leihatearen ondoan mahaiak jarrita eta banatzailetik zuzenean sartzeko aukerarekin.

Labegaraietako udal kiroldegiaren lanak Labegaraietako plan zuzendariaren barnean jasotzen dira eta fase desberdinak jasotzen ditu exekuzioari dagokionean: Labegaraietan, pabiloi industriala eraisteko proiektua, 80.056 euroko kostuarekin; egungo kiroldegiaren handitzea 963.329 euro eta kiroldegiaren barne eraberritzea, 1.540.921 euroko kostuarekin. Finantzaziorako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du Udalak, bi sailetik. Ondaretik 2.885 euro eta 589.720 kirol sailetik.

Jasotako dirulaguntzez gain Bergarako Udalak Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailari 118.485,07€-ko exekuzio materialeko dirulaguntza eskatu dio Labegaraieta Kiroldegiko barne erreformako lanetan irisgarritasuna bermatzeko helburuarekin.