Luze jotzen ari du egoera honek, luzeegi. Covid19ren eragina gizartean eta egunerokoan handia da, eta horien artean kultura da kaltetuenetako bat; ez dago apenas emanaldirik eta sortzaile eta bitartekari gehienak geldi daude, lanik egin gabe.

Udala arduratuta dago horien guztien egoeragatik eta herritarrok kultura egarria dugulako, kultura beharra. Horregatik Udalak udan zehar apustua egin du segurtasuna bermatuz kultura emanaldiak egiteko. Emaitzak oso onak izan dira eta herritarrek zein sortzaileek eskertu dute. Eta, orain, Seminarixoko ateak zabalduko dira kulturari eta sorkuntzari merezi duen lekua egiteko, Udalak bere alea jarriko du.

Joan den astean egin ziren lehen emanaldiak: dokumental baten proiekzioa eta bikoteen dantza txapelketa izan ziren lehenak. Hemendik abendura bitartean 34 kultura emanaldi izango dira, eta baita ere zine komertzial eta zineklubaren eskaintza. Zaindu eta gozatu dezagun kultura!

Udalak ezintasunez bizi izan du Seminarixoko ateak itxita izatea; horregatik gogo biziz dago berriro ere eskaintza iraunkor eta anitza gauzatzeko.

Oraingoan ere kolore askotako eskaintza prestatu da:

Musika 18

Familientzat 3

Antzerkia 5

Dantza 3

Txotxongiloak 5

Badira aurretik programatuta egon arren orain arte gauzatu ezin izan diren emanaldi batzuk, eta baita beste berri asko ere.

Udako emanaldietan segurtasuna landu da arrakastaz, eta orain ere Seminarixoan horixe bermatuta egongo da. Horretarako, Seminarixoko aforoa 130 pertsonatara mugatu behar izan da eta protokolo zehatza prestatu da horretarako. Horrek guztiak emanaldietaz eroso eta seguru gozatzea ekarriko du.

Horrez gain, urtero antolatu ohi den ‘Kultura Kalera’ ekimena ere abiarazi da. Hain zuzen ere, herrian kulturan jarduten duten 18 talderen lanak erakusteko ekimena da hau. Agendan daukazue horren guztien berri, eta hilaren 26an eta 27an kalera, San Martin Agirre plazara, irtengo dira goizez tailerrak egitera eta beraien lana jendaurrean erakustera. Eta ezin aipatu gabe utzi, irailak 18, 25 eta 27an Santa Marina elizan egingo diren musika klasikoen emanaldiak: Kamerata Euskdivarius, Kea Ahots Taldea eta Euskbarrokensemble.

Programazio oso hemen: 2020seminarixoa_iraila_web.pdf

Arloa: