Gaur, osteguna, Gipuzkoako Batzar Nagusiek urteko osoko bilkura ibiltaria Bergaran egin dute, Udaletxean hain justu.

Covid19ren ondorioz, ohiko baino batzarkide gutxiago etorri dira segurtasun baldintzak betetzeko; batzarkideen herena, 17 lagun.

Lehenik eta behin, alkateak harrera egin die Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakariari, Markel Olano ahaldun nagusiari eta gainontzeko batzarkideei; eta aginte makila eman dio Gorka Artolak Ezeizabarrenari. Bergarako dantzariek bertaratutakoei aurreskua dantzatu diete, eta ondoren batzarkide guztiak Udaletxeko osoko bilkura aretora igo dira.

Behin agintariek ohorezko liburuan sinatu ostean, Batzar Nagusien urte osoko bilkurari hasiera eman zaio. Lehendakariak eman dio sarrera eta bertaratutakoei eskatu die Covid19ko biktimen omenez minutu bateko isilunea egitea.

Horren ostean, Bergarako alkate Gorka Artolak hartu du hitza. Artolak oso presente izan du Bergara Gipuzkoako erabakiguneetatik urrun egon arren, jakin duela bere bidea egiten. Udalerriak historian izan duen garrantzia eta mendeetan izan duen bilakaera ekarri ditu gogora hainbat hito nabarmenduta eta udalerri honek izan duen eta duen erreferentzialtasuna presente izanda.

Era berean, Gipuzkoako erakundeak eta gizartea gonbidatu ditu elkarrekin lan egitera. Covid19k eragindako kolpe latza baliatu behar dugula gure gizartea oinarri sendoekin berreraikitzeko; horretarako aukera da; guztiontzako jasangarriagoa, sozialagoa eta kohesionatuagoa izango den gizartea eraikitzeko.

Bigarrengoz, Gipuzkoako Batzar Nagusien lehendakari Xabier Ezeizabarrenak goraipatu ditu Covid19 krisian lan egin duten herritar, boluntario eta osasun langileak. Eta, Artolak egin duen bezala, goraipatu du Bergarak ezagutza landu eta zabaltzeko historikoki egin duen ahalegin erraldoia. Bukatzeko elkartasunaren aldeko aldarria egin dio gizarte osoari.

Bukaeran Ezeizabarrenak 2021eko Gipuzkoako Batzar Nagusien osoko bilkura ibiltariaren kokagunea azaldu du. Uztailaren 2ko osoko batzar ibiltaria Mutrikun izango da.

Hementxe ekitaldiko bi diskurtsoak:

Gipuzkoako Batzar Nagusien lehendakariarena: bergara_xezeizabarrena_hitzaldia_eusk-gazt_ob_2020-07-02.pdf

Bergarako alkatearena: po-gorka_artola-batzar_nagusiak.pdf