Uztailaren 12an egingo diren hauteskundeak ospatzeko hainbat baldintza izango dira Covid19 birusak ezarritakoak; horien artean segurtasun distantziak mantentzearena.

Arrazoi horregatik Udalak hainbat aldaketa egin behar izan ditu hauteslekuetan; eta honako hau da Udalak INEri bidalitako hauteskunde mahaien banaketa berriaren proposamena:

Bergaran 17 mahai jarriko dira guztira.

Udal Pilotalekuan lehen bost mahaiak izango dira. Aurreko urteetan zortzi jarri izan dira bertan. Gainontzeko hirurak Seminarixoan jarriko dira oraingoan.

Horrez gain, orain arte Domingo Martinez de Irala ikastetxearen jangelan jarri izan dira mahaiak; baina oraingoan eskola bereko gimnasioan jarriko dira lau mahai.

Martokoari dagokionez, Goiko Eskolan jarri ohi diren hiru mahaietatik bi bakarrik jarriko dira; eta hirugarrena Beheko Eskolan, gaur egun Elikagai Bankuak erabiltzen duen horretan.

Ibarra kalean ohikoa den moduan, Eliza ondoko lokalean, mahai bat izango da.

Eta, azkenik, Osintxuko liburutegian beste mahai bat izango da erabilgarri.

Egoera honek baldintzatuta, jarritako mahai berrietan honako kaleetan bizi diren bergararrek emango dute botoa:

-(Udal Pilotalekutik mugitutako) Seminarixoko mahaietan: San Martin Agirre plaza, Bidekurutzeta kalea, Ikerleku kantoia, Zabalotegi kalea, Ariznoa plaza, Erregetxo plaza, Komenio kalea, Mizpildi kalea, Madalena plaza, San Pedro kalea, Juan Irazabal pasealekua, Basarte kalea, Ostetako bidea, Xabier Maria Munibe plaza, R. Oiarzabal kalea, Espoloia ibiltokia, Ibargarai hiribidea, Iparragirre kalea, Ramon Maria Lili kalea, Espoloia ibiltokia, Arrizuriaga parkea, Arrizuri kalea, Martzial Agirre kalea, Torreko plaza, Belanbide kalea, Tellaetxe plaza, Ortuibar pasealekua eta Justo Garate plaza.

-Martokon (Goiko eskolatik mugitutako) Beheko Eskolan jarritako mahaian: Martoko kalea, Zubiaurre kalea eta Aritzetako San Miguel auzoa.

Dena dela, ez ahaztu hauteskunde egunaren aurretik erroldako agiria egiaztatzea.