Maiatza hasieran Udalak 20.000 euroko hasierako poltsa sortu zuen www.kuttuna.org webguneak bultzaturiko erosketa bonuen bitartez herriko merkataritza, ostalaritza edo zerbitzu sektoreko negozioak laguntzeko. Astebeteko epean agortu ziren 100.000 euroko erosketa bonoak, eta aste honen hasieran beste 20.000 euro gehitu ditu Udalak ekimenera.

Hala, epe labur honetan herritarrek primeran erantzun dute eta dagoeneko agortu da kuttuna.org plataformaren bidez bertako negozioetan produktuak eta zerbitzuak eskuratzeko aukera. Horrela, herritarron eta udalaren laguntzarekin 200.000 eurotako bultzada jaso dute Bergarako establezimenduek.

Udalak eskerrak eman nahi dizkie Kuttunak.org plataformako kideei egindako lan bolondresarengatik. Nabarmen erraztu digute negozio txiki eta ertainek premiazko egoera honetan sarrera ekonomiko garrantzitsua jasotzea.

Era berean, herritarrak ere eskertu nahi ditu Udalak bonoak erosteko eta herriko negozioak laguntzeko izan duten prestutasunagatik.

Jarraitu dezagun denon artean Bergarako komertzio, ostalaritza eta zerbitzuak babestu eta indartzen!