Elkar zaindu dezagun. Denon artean erantzun diezaiegun egoera honek sortzen dituen giza premiei.

 

Osasun-krisi larria ari gara jasaten, sekula orain arte hartu gabeko neurriak hartzera behartu gaituena. Etxean egoteko agindua dugu guztiok, baina bereziki zorrotz bete beharrekoa bi kolektibok: haur eta gazteek –birusaren eroale eraginkorrenak direlako–, zein adineko pertsonek eta gaixo kronikoek –gaixotasunaren aurrean ahulen edo zaurgarrien direlako–.

Baina etxean isolatuta egoteak zailtasunak ditu. Ezin da jakin zenbat egunetan egon beharko dugun horrela, eta jan-edatekoa, botikak edo premiazko bestelako gaiak eskuratzeko beharra izan dezakegu, baita zaborrak ateratzeko beharra ere. Emozionalki ere ez da erraza jendearekin harremanik izan gabe hainbeste egunetan etxean egon behar izatea.

Bizilagunen egoeraz arduratzea guztion erronka izan behar da eta ekintza txikiek sekulako aldea marka dezakete gaurko egoera berezian:  inguruan bakarrik egon litekeela sumatzen duzuen bizilaguna emozionalki babestu, indarkeria matxista gertatzen ari dela somatzen baduzue laguntza eskaini, arrisku-taldeko kidea den auzokoari lagundu…

Egoera honek sortu edo areagotu dituen premia horiez jabetuta, hainbat eta hainbat herritarrek eta eragilek lan komunitarioa egiteko adierazi duten iniziatiba kontuan izanda, Bergarako Udalak “BERGARA ZAINTZEN” ekimena babestu eta koordinatzeari ekin dio.

Konfinamendu egoera honetan talde zaurgarrienak direnei laguntzeko, ondorengo ekintzak eramango dira aurrera:

  • Udaleko 010 eta 943 779100 telefonoak erabili ahal izango dira erosketak, botikak edo lehen premiako bestelako gaiak etxera eramateko eskaera egiteko edo hondakinak ateratzen laguntzeko.
  • Gizarte Zerbitzuetako erabiltzaile diren helduei etxera deituko zaie, zer moduz dauden eta zein egoera duten jakiteko, babes emozionala emateko eta etxera zerbait eramatea behar duten galdetzeko.

Laguntza-beharra adierazten duten herritarrekin boluntario-sareko bere auzoko bat jarriko da harremanetan eta eskaera bideratuko du. EZ DA DIRURIK eskatuko momentuan, ordainketa udalaren bidez egingo da.

Amaitzeko, Udalak herritar guztiei eskatu nahi die 010 eta 943 779100 telefonoen bidez emango den zerbitzuaren berri zabal dezatela euren sareetan.

Udalak borondatezko lanean jardungo diren eta ari diren herrikideen prestasuna eskertu nahi du eta, oro har, krisi honen aurrean herritarrak erakusten ari diren ardura eta herrikidetasun maila.

 

Guztion artean egingo diogu aurre,