Bergarako Udala-k Az, 2019-07-17 14:20-n bidalia
Seminarioko patioan lur azpiko parkina egiteko aurreko legealdian garatu zuten proiektuaren inguruko azalpenak ematea da Udal Gobernuaren asmoa. Baita aurrera begirako pausoen berri ematea ere.
2017ko udal aurrekontuetan, aparkalekuen inguruko azterketaren emaitzak izan gabe eta mugikortasun plana eskuartean eduki gabe hartu zen Seminarioko lur azpiko aparkalekuarekin aurrera egiteko erabakia. Alternatibak ere ez ziren aztertu.
Udal Gobernuaren ustez, tamaina horretako proiektuak aurrera eramatea erabakitzeko ziurtasun maila osoa behar da, eta bi dokumentu horiek esku artean izatea ezinbesteko baldintza da.
Hori horrela, martxan zegoen esleipen prozesua etetea erabaki du Udal Gobernuak. Horrek ez du esan nahi aparkaleku beharrei irtenbidea emateko pausoak bertan behera gelditzen direnik. Bide horretan, datozen hilabeteetan aurrera eramango dugun lanketa plana hau da:
⁃ Aparkaleku beharren azterketa errealitate berrira egokitu, Migel Altuna Institutua eraikin berrira joan ondoren.
⁃ Aparkaleku alternatiba desberdinak aztertu.
⁃ Mugikortasun diagnostikoa osatu eta mugikortasun plan berria garatzen hasi.
Bestalde, Udal Gobernuaren asmoa da etorkizuneko pausoak herritarrekin eta oposizioarekin batera ematea.