Bergarako Udala-k Or, 2018-12-21 17:25-n bidalia
Bergarak Hiri-gutuna jaso zuenaren 750. urteurrena bukatzera doan honetan pozik aurkeztu du Udalak ‘Bergarako Kolore Erraldoiak’ ipuina. Dakizuen bezala, urteurrenaren programaren helburuetako bat izan da izan garenaz ikastea, Bergarak aurrera begira pauso irmoak emateko. Eta horretan ezinbestekoak dira umeak, beraiek dira etorkizuna. Horregatik, Hezkuntza Mahaiak martxan jarri zuen ipuina egiteko egitasmoa.
Horrela, Udalaren asmo hori Bergarako Erraldoi Taldearen amets batekin elkartu eta ‘Bergarako Kolore Erraldoiak’ ipuina gauzatu da. Hain zuzen ere, herrian hain maitatuak diren Felixin eta Gutiren laguntzarekin gaztetxoenek -eta zergatik ez nagusienek ere- gure herriaren historiari buruz gehiago jakingo dute.
Lan ederra da. Esan bezala, Udalaren ideia batetik sortua, Bergarako Erraldoi Taldearekin lankidetzan. Testuak Bergarako Uxue Agirrek eta Elene Etxanizek idatzi dituzte; eta ilustrazioak Make It Visual enpresak egin ditu, tartean bergarar bat. Bertan aurkituko dituzue gure herrian hain ezagunak diren Felixin eta Gutiz gain, Bitorianatxo, Olentzero, Mari Domingi eta aurreratuko ez dizkizuegun beste batzuk.
Liburua eskuragarri dago dagoeneko 6 eurotan Udal Liburutegian zein Bergarako Erraldoi Taldearen bitartez. 2.000 ale kaleratu dira, baina agortuko balira, gehiago kaleratuko lirateke.
Gabonetarako opari polita, zalantzarik gabe. Goza ezazue!