Bergarako Udala-k Az, 2018-12-12 17:39-n bidalia
Jakina da azken garaian erdiguneko hainbat puntutan argiteria ez dela egokia eta hori ez dela bidezkoa. Herritarrondako funtsezko zerbitzua da kaleak behar den bezala argituta egotea. Arazo horri konponbidea emateko aukera guztiak aztertu ditu Udalak; eta azkenean kontratazio urgentea martxan jarri du led berriak erosi eta horiek berehala jartzeko.
2014-2015 urteetan Bergarako alde zaharreko argiteria publikoa aldatu zen eta Led sistemako luminariak jarri ziren. Honako kaleetan egin zen interbentzio hori: Bidekurutzeta kalea, Munibe plaza, San Pedro kalea, Mizpildi kalea, Zabalotegi kalea, Komenio kalea, Barrenkalea, Irizar ibilbidea, Artekalea, Arruriaga kalea, Goenkalea, Juan Irazabal pasealekua, Laudantz kantoia, Erromagalartza kantoia, Arrese zeharbidea eta San Martin agirre. Guztira, 103 luminaria.
Luminaria horietatik gaur egun 6 hondatuta daude, eta gainontzekoetako gehienak arazoak ematen dabiltza: gero eta argi-fluxu txikiagoa ematen dute, eta kaleak gero eta ilunago daude. Izan ere, hainbat puntutan egoera eskasa da.
Hainbat azterketa egin dira Led horien egoera eta konpontzea aztertzekoa, baina ezinezkoa da. Hain zuzen ere, horien iraupen-bizitza agortzen ari da. Arrazoi horregatik, erabaki da Led plakak lehenbailehen aldatzea, kaleak behar den bezala argituta egoteko. Led argi horien horniketa egin zuen enpresa jada ez da existitzen eta, hala, urgentziazko kontratazioa martxan jarri da: Tecuni empresa kontratatu da 48.296,13 euroko (BEZ barne) aurrekontuarekin sei astetan led plakak jartzen hasi dadin. Lanek hilabete inguruko epea hartuko dute.