Udalaren oinarri nagusienetako bat da herritarren arteko berdintasuna eta eskubideen parekatzea bermatzea. Horretan dihardu Udalak aspalditik eta, horregatik, premia bereziak dituen gizarteko kolektiboekin hartu-eman etengabean dago. Testuinguru honetan martxan jarri du zeinu hizkuntza interpretazio zerbitzua martxan Udalean, herritar guztiekin komunikazioa eta gertutasuna ziurtatzeko.

Udalak bazuen horren aldeko baliabideak jartzeko asmoa, eta hori baino garrantzitsuagoa zerbitzu horren erabiltzaile eta preskriptore den eta izango den Aransgi elkartea Udalaren alboan. Lehenik eta behin entzumen arazoak dituzten herritarren datuak batu ziren. Hala, Gipuzkoako Foru Aldundiak ezintasuna onartu dien pertsonen artean Bergaran 255 lagunek entzumen arazoak dituzte.

Eta, horrekin batera, Aransgiri, Gipuzkoako gorren eta horien familiak batzen dituen elkarteari, zeinu hizkuntza interpretazio zerbitzua martxan jartzeko beraien irizpideak eskatu zitzaizkien. Bada, martxan dago itzulpengintza zerbitzua dagoeneko.

Bergaran entzumen arazoak dituzten 255 pertsona daude; horietatik 77k 1. mailako urritasuna dute; 85ek 2. mailakoa; eta 50ek 3. mailakoa. Aransgirekin hartu-emanean, zein zerbitzu eta nola eman erabaki da; hiru dira zerbitzu nagusiak:

1. Herritar orok Bergarako Udalaren aurrean egiten dituen kontsulta edo eskaeren tramitaziorako zeinu hizkuntza interpretazio zerbitzua jaso ahal izango du. Hortaz, Udalaren aurrean edozein kontsulta edo tramitazio egiteko zein Udal langile edo udal ordezkariekin Komunikazioa bermatzeko interpretea izango du. Horretarako, hitzordua eskatu ahal izango du web bidez edo Udaletxera bertaratuta.

2. Udalak antolatzen dituen ekintzetan (ekitaldiak, prentsa agerraldiak, hitzaldiak, kontaketak, bisitak…) ZH interpretazio zerbitzua eskaini ahal izango da. Udalaren zein herritarren ekimenez eskatu eta eman ahal da zerbitzu hori.

3. Webguneko zenbait eduki zeinu hizkuntzara egokitu dira eta dagoeneko 4 bideo txertatu dira. Webguneko orri nagusian ZH ikurra azaltzen da eta handik zeinu hizkuntzara itzulitako 4 blokera joan zaitezke:

-Alkatearen agurra.

-Herritarren postontzia.

-Herritarren postontziaren funtzionamendua.

-Zeinu hizkuntza zerbitzuaren eskaera.

Bukatzeko, entzumen arazoak dituzten herritarrak zerbitzu hau erabiltzera gonbidatu nahi ditu Udalak; eta, era berean, zerbitzua hobetzeko ekarpenak badituzte Udalera hurbiltzeko gonbidapena egin zaie.