Gaur, larunbata, Zientziaren Leku Historiko izendapena jaso du gaur Bergarak Europako Fisika Elkartearen -European Physical Society, EPS- eskutik.

Laboratorium museoan izendapena ziurtatzen duen plaka desestali dute Elena Lete alkateak eta EPSko presidente Rudiger Vossek, Iñigo Urkullu lehendakariaren, Markel Olano ahaldun nagusiaren eta Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko, EHUko eta beste hainbat erakundetako ordezkariez inguratuta. Are gehiago, EPSren bitartez Euskal Herrira etorritako 80 zientzialari ere izan dituzte izendapen historiko honen lekuko.

Horren ostean, nazioarteko, Euskal Herriko eta Gipuzkoako erakundeetako ordezkariek zein Bergarako herritar ugarik -tartean udalerriko alkate ohiek- Seminarixoa bete dute. Han ospatu da izendapen ekitaldia, eta horietan guztietan goraipatu da Elhuyar anaiek egindako aurkikuntza, Real Seminarioak izan zuen eragin ukaezina, eta ezagutzak lurraldearen garapena haupostzeko duen garrantzia, besteak beste. Hurrenez hurren, Elena Lete Bergarako alkateak, EPSko presidente Rudiger Vossek, Markel Olano ahaldun nagusiak, Pedro Miguel Etxenikek eta Iñigo Urkullu lehendakariak hartu dute hitza, Jakiundeko presidente Jesus Ugaldek gidatuta. Etxenikene egindakoa izan da hitzaldi anitzena, eta izan du zientifiko-dibulgatibotik, historikotik eta baita ere hunkigarritik.

Elena Lete alkateak nabarmendu du ezagutzak, hezkuntzak eta enpresek udalerrian elkar elikatzeko duten trebezia, eta horren emaitzak azpimarratu ditu. Txalotu ditu herritar, politikari eta boluntarioak urteetan egindako lanagatik; pertsonalki eskertu ditu EPS eta izendapen hau lortzeko ahalegin sutsua egin duen Donostia International Physics Center eta Pedro Miguel Etxenike; eta jasotako izendapena opa nahi izan die gure aurrekoei, 'Izan garelako izango gara!' lelopean.