Bergarako Udala-k Az, 2018-10-03 10:25-n bidalia
Udalak erraztuta eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eskainitako laguntzari esker, Goyeneche Fundazioak adimen urritasuna duten helduei eguneko zerbitzua emateko Garagunea izango du laster martxan Bergaran. Mintegi kaleko 5. zenbakian kokatuko da, Gipuzkoako Foru Aldundiak bertan duen etxabe batean eta lanak uztailean hasi zituzten.
Asmoa da 2019 hasieratik aurrera egunero 10-12 lagun artatzea. Garagunean izango dute 280 metro koadroko topagune bat eta handik antolatuta egunerokotasunarekin lotutako hainbat ekintza egingo dituzte. Garagunea astelehenetik ostiralera egongo da zabalik 09:30etik 17:00etara bitartean. Bertan Garagunearen arduradunak eta arreta zuzena ematen duten bi profesionalek egingo dute lana.
Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, Goyeneche Fundazioak adimen urritasuna duten 260 heldu artatzen ditu Gipuzkoan eta Bergarakoa fundazioak zabaldutako 15. egoitza izango da. Goyeneche Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Atzegirekin eta Gureak-ekin lankidetzan diharduena.
Debagoienean Goyeneche Fundazioak beste Garagune bat dauka Arrasaten. Bertako erabiltzaileen erdia Bergarakoak eta Oñatikoak dira, eta itxaron-zerrenda dago. Horregatik, Udalak eta Goyeneche Fundazioak uste dute garrantzitsua dela Bergaran beste Garagune bat zabaltzea. Bertan izena emateko ohiko prozedura egin beharko da Udaleko Ongizate Sailaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren bitartez.
Goyeneche Fundazioaren praktika da Garaguneko erabiltzaileek herriko egunerokotasunean parte hartzeko ekintzak bideratzea. Horren aurrean, Udalak bere kolaborazioa eskaini du.