Zubietako zubia birgaitu eta alboko errepidean espaloia egiteko obren inguruan kezka agertu dute Zubietako bizilagun batzuek. Hala, obrak oztopatu eta alkatearekin batzartzea eskatu izan dute. Hala, ostiralean alkatea Zubietako bizilagun batzuekin elkartu zen; eta gaur, astelehena, Zubietako beste bizilagun batzuekin izan du bilera.

Auzotarrek egindako eskaeren aurrean Udalak argitu die Zubieta auzoa berritzeko proiektua idatzita dagoela, baina lan horiek guztiak faseka egin behar direla eta zubiaren birgaitzearekin hasi beharra dagoela, lehentasunezkoa delako.

Horrekin batera, jakinarazi zaie zubia birgaitu bitartean ezin dela erreka gurutzatzeko pasarela alternatibo bat jarri Ur Agentziak horretarako baimenik ematen ez duelako, errekak gainezka egin dezakeen eremua izanda eta segurtasuna bermatzeko.

Bestalde, Udalak jarraipena egingo dio obra egiteko esleituta dagoen enpresari ahal den une guztietan oinezkoak zubitik igarotzea ahalbidera dadin.

Eta, azkenik, Udalak aurreikusi du kasuan kasu baldintza jakin batzuk betetzen dituzten pertsonei herri-bus edo taxi-busa erabiltzeko bonifikazioa erraztea.

Azalpen horiek emanda, bai ostiraleko zein asteleheneko batzarretan auzotarrek Udalaren argudioak ulertu dituzte.

Udalak argi dauka Zubietako zubia birgaitzea eta errepide alboan espaloia sortzea oso garrantzitsua dela auzotarrentzat eta herriarentzat. Eta hainbat arrazoi medio –errekan ur gehiegi egotea eta esleitutako enpresak lan karga handia izana- obrak atzeratu direla-eta, lehenbailehen hasi eta bukatu nahi ditu, orain baldintzak bermatzen direlako.

Udalak argi utzi nahi du aspalditik lehentasuntzat duela Zubietako zubia birgaitzea eta balorean jartzea, baita alboko errepidean espaloia sortzea. Horrela, gaur egun dagoen estutasuna ekidin egingo da. Horren barruan daude zubia irisgarria egitea, argitasuna hobetzea, segurtasuna areagotzea, zubia berritzea eta gure ondarea den zubiari merezi duen balioa ematea.

Bestalde, edozein obrarekin gertatu ohi den moduan, egunerokoan hainbat afekzio izango ditu eta auzotarrei pazientzia izateko eskatzen die Udalak. Hala, hilabete batzuetan, obrak baimentzen ez duen bitartean, zubitik ezingo da oinezkorik igaro eta zirkulazioari dagokionez, espaloi berria egin bitartean obraren arabera errepidean noranzko bakarra paso alternatiboarekin edo biak erabili ahal izango dira. Horrekin lotuta, Udaltzaingoak jarraipena egingo du eta berraztertuko da Bolura igotzeko Ibargarai erabiltzea eta Artekale ere horretarako bideratzea.

Azkenik, auzotar batzuek zabaldutako esamesen aurrean argitu nahi da ez dela inola ere zubia botako, alderantziz, zentzu guztietan hobetuko dela gaur egungo egoera; eta obrak bost aparkaleku kenduko dituela, obra garatzeko eta irisgarritasuna bermatzeko ezinbestekoa delako.