Gaur, osteguna, hastear diren Zubieta zubiaren birgaitze eta balioan jartzeko lanei lotuta Zubieta kaleko bizilagun batzuek azaldu duten kexen aurrean, honakoa jakinarazi nahi du Udalak:

Udalak argi dauka Zubietako zubia birgaitzea eta errepide alboan espaloia sortzea oso garrantzitsua dela auzotarrentzat eta herriarentzat.

Hori esanda, aipatu nahi da zubiaren birgaitzearen kontratazioak hainbat gorabehera izan dituela; eguraldiaren eraginez obrak ezin hasi lehenengo, eta, ondoren, aurreko enpresak kontratua etetea eskatu zuen lan karga handiagatik eta esleipen berria egin da. Horren ondorioz, obra horren hasiera asko atzeratu da. Hori guztia kontuan hartuta, eta orain errekaren maila baxua hartuta lana egiteko baldintzak egokiak direnez, lehenbailehen jarri dira martxan.

Udalak argi utzi nahi du aspalditik lehentasuntzat duela Zubietako zubia birgaitzea eta balorean jartzea, baita alboko errepidean espaloia sortzea. Horrela, gaur egun dagoen estutasuna ekidin egingo da. Horren barruan daude zubia irisgarria egitea, argitasuna hobetzea, segurtasuna areagotzea, zubia berritzea eta gure ondarea den zubiari merezi duen balioa ematea.

Bestalde, edozein obrarekin gertatu ohi den moduan, egunerokoan hainbat afekzio izango ditu eta auzotarrei pazientzia izateko eskatzen die Udalak. Hala, hilabete batzuetan zubitik ezingo da oinezkorik igaro eta zirkulazioari dagokionez, espaloi berria egin bitartean obraren arabera errepidean noranzko bakarra paso alternatiboarekin edo biak erabili ahal izango dira. Horrekin lotuta, Udaltzaingoak jarraipena egingo du eta berraztertuko da Bolura igotzeko Ibargarai erabiltzea eta Artekale ere horretarako bideratzea.

Azkenik, auzotar batzuek zabaldutako esamesen aurrean argitu nahi da ez dela inola ere zubia botako, alderantziz, zentzu guztietan hobetuko dela gaur egungo egoera; eta obrak bost aparkaleku kenduko dituela, obra garatzeko eta irisgarritasuna bermatzeko ezinbestekoa delako.