Bihar, osteguna, hasiko dira Zubietako zubia birgaitu eta balioan jartzeko lanak. Atzerapen nabaria izan dute, lanak esleituta zituen enpresak, lan karga handia zuela-eta ezin lanak hasi zebilela, azkenean kontratua eten zuelako. Horren ondorioz, berriro egin zen esleipen-deialdia eta Goitu Eraikuntzak SL izango da horren arduraduna. Lanek 313.864,20 euroko aurrekontua dute (BEZ barne) eta lau hilabete inguruko iraupena.

Zubietako zubiaren birgaitzeak eta balioan jartzeak bi helburu nagusi ditu: batetik, herritar askoren mugikortasuna zein irisgarritasuna erraztea; eta, bestetik, herriko ondare den zubia hobetzea. Hori lortzeko, honako lanak aurreikusita daude: zubia bera birgaitzea, fibrozementuko hoditeria kendu eta berriarekin ordezkatzea, azpiegitura berriak ezartzea, barandilla egokiak jartzea, argiteria berria ezartzea (barandilletan), irisgarritasuna bermatzea, Zubieta kale aldera espaloitxo bat sortzea eta zubiko altxaderak garbitu eta osatzea, besteak beste.

Oinezkoen pasoa moztuta eta zirkulazioa mugatuta

Hori egin bitartean, baina, oinezkoek ezingo dute zubia erabili, eta zubiaren pareko errepidean erreka aldeko raila moztuta egongo da. Horregatik, autoen paso alternatiboa egongo da.