Gaur, asteartea, aurkeztu dute Udalak eta BEART elkarteak Seminarixo eta UNEDeko arkupeetako sapaian herriko artistek egindako mural erraldoia.

Udalak argi zuen Seminarixoa herritik jaio denez herriak berak hornitu eta borobildu behar zuela; hala, Seminarixoaren barruan, sarreran, Bergaran zeresan handia izan zuen mosaikoa berreskuratu eta jendaurrean jarri zuen Udalak. Gerora, kanpoko arkupeetako sapaia ere apaintzea erabaki zuen eta, horretarako gonbidapena egin zion herriko BEART elkarteari.

BEART elkarteko presidente Karlos Galarragak onartu du gonbidapena erronka handia izan zela margotu beharreko guneak, sapaiak, berarekin dakartzan zailtasunengatik. Baina elkartearen baitan aztertu eta, Udalarekin lankidetzan, erabaki zuten pladurrean margotu eta gero horiek sapaian itsastea. Are gehiago, bat-batean proiektu oso ilusionagarria bilakatu zela.

Hala, elkarte barruan ideia lehiaketa egin zuten eta Mayra Jimenez artistarena izan zen gustukoena. Hortaz, Jimenezen zuzendaritzapean, elkarteko 15 bat lagun lanean jarri ziren bere ideia gauzatzeko. Ekainean eta uztailean buru-belarri ibili ziren zeregin horretan, eta kasu batzuetan BEARTeko ikasleek ere lagundu zituzten. Orain, dagoeneko, jarrita dago artelana eta emaitza BEARTen eta Udalaren gustukoa da.

BEARTeko kide den Mayra Jimenez artista bergararrak azaldu du lehenengo aldia dela halako lan bat egiten dutena, baina gustura gelditu dela emaitzarekin. Jimenezek Seminarixoaren logoa eta esangura hartu ditu oinarri, eta, oktogonoen bitartez, irudikatu ditu zortzi hazi edo ale. Era berean, pastel koloreak erabili ditu, argitasuna emateko baina eraikinarekin eta testuinguruarekin gehiegi ez apurtzeko.