Ostiral honetan, ekainak 8, zabalduko da Agorrosineko kanpoko igerilekua. Kanpoko igerilekuaren denboraldiak iraungo du irailaren 14ra arte. Ekaina, uztaila eta abuztuan, aste barruan Agorrosineko instalazioen ordutegia izango da 06:30etik 21:30ak artekoa, eta kanpoko igerilekua zabalik egongo da 10:00etatik 20:30era.

Agorrosinen aspersoreak

Aurtengo berrikuntzetako bat da Agorrosinen txikienek jolasteko aspersore batzuk jarri direla; hala, umeendako gune bat eratu da bertan.

Ur jolasak

Bestalde, Udala lanean dabil herritar askok eskatutako hobekuntza garrantzitsu bat gauzatzeko. Egitasmoaren oinarria Udalak antolatu zuen Ideia Lehiaketa da; prozesu hartan umeek egindako proposamen ia guztiak igerilekuarekin lotuta zeuden, eta Ur jolasak edo Ur txorrotak izeneko egitasmoa izan zen bozkatuenetako bat. Hala, proiektu horren egingarritasunaren inguruan lanean ibili da Udala, aukerak eta aurrekontuak aztertu ditu eta kokapen posibleak ere izan ditu aztergai.

Prozesu horren guztiaren ondoren, Udalak erabaki du Ur Txorroten gune hori Agorrosinen jartzea, hainbat arrazoirengatik: aisialdirako ur gunea leku berean zentralizatzeko, segurtasuna bermatzeko, igerilekutik irisgarriagoa izan dadin, eta ura bertara eramateko zailtasun gutxiago dituelako, besteak beste.

Diseinatzen ari den gune horrek 150 metro karratutik gora izango ditu, eta Imara enpresarekin batera berau hornitzeko aukera desberdinak lantzen dabiltza. Dena dela, oinarritik eta oinarrian partaidetzan hasitako prozedura hau partaidetzan osatu nahi du Udalak bukaeraraino. Horregatik, udalekuetako umeek erabakiko dute zein ur txorrota eta jolasekin hornitu nahi duten gune hori. Hala, lanak uda ostean hasiko dira eta datorren denboraldirako martxan egongo dira ur jolasak.

Arloa: