Bergarako Udala-k Ar, 2018-05-29 16:31-n bidalia
Larunbat honetan, ekainak 2, Bergara Hiria Emakumezkoen Hockey Txapelketa egingo da Labegaraietan, Burdinola Irristaketa Klubak antolatuta.
Bergararen 750. urteurrenarekin lotuta eta Udalaren laguntzarekin, herriko hainbat kirol elkartek emakumeen kirola bultzatzeko txapelketak antolatzeko konpromisoa hartu dute. Horietako bat asteburu honetan jokatuko da.
Larunbatean, 15:00etan, jarri dute hitzordua Labegaraietan. Euskal Herrian emakumezkoen hockeyan jokatzen duten hiru taldeak lehiatuko dira torneoan: Metropolitano (Bilbo), Dragons (Rivabellosa, Araba) eta Burdinola (Bergara). Sarrera doan izango da.
15:00etan Dragons eta Burdinola lehiatuko dira.
16:30ean Burdinola eta Metropolitano lehiatuko dira.
18:00etan Metropolitano eta Dragons izango dira lehian.
Emakumeen hockey talde bakarra Gipuzkoan
Burdinola da emakumezko hockey taldea daukan Gipuzkoako klub bakarra. Seniorreko talde mixtoa, Senior neska taldea; eta Kadete, Infantil, Alebin eta Benjamin talde bana dauzka, baita amateur mailako Hobby hockey ere. Guztira, 55 umerekin ari dira lanean; gehienak bergararrak, baina badira baita ere arrasatearrak, aramaioarrak, oñatiarrak eta Soraluzekoak ere.
Igandean, 3x3
Asteburua borobiltzeko, Burdinola Irristaketa Klubak 3x3 txapelketa antolatu du iganderako 15:00etatik hasita, eta zabalik dago edozeinentzat. Honako kategoriatan jokatuko da: Benjamin, Alebin, Infantil, Kadete eta Senior. Taldeka apuntatu daiteke edo bakarka, eta egunean bertan joanda ere taldeak osatuko dira.